Usurbil 1936

Usurbilgo oroimen historikoak erakusleiho berria du

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 5a, 12:03

Usurbil1936.eus atari berria aurkeztu du, oroimen historikoa berreskuratzeko herrian lanean diharduen elkarteak.

"Beste urrats garrantzitsu bat oroimen historikoaren alorrean". Halaxe aurkeztu zuten ostiral iluntzean Sutegin izen bereko elkarteak, oraindik oraindik bukatu gabe dagoen usurbil1936.eus webgune berria. Aurrerantzean, udalerri honen historiako garai latzenetako baten arrastoak bilduko dituen ataria martxan da. Baina Usurbil 1936 elkartetik otsailaren 3ko aurkezpen ekitaldian gogorarazi zutenez, bukatu gabe dagoen egitasmoa da. Besteak beste, hainbat lekukotza editatzeke izan eta bukatu ahala zintzilikatuko dituzte bertan. Horren harira, herrikideei webgunean barneratzeko gonbita egin zieten.Xehetasun okerrik balego zuzentzea eskatzeko edota lekukotza, dokumentu edota datu berririk izanez gero ekarpenok egiteko deia egin zuten aipatu herri bilgunetik. Bukatu gabe dagoenez, atari dinamikoa izateko jaioa da beraz, usurbil1936.eus . "Garai hartan Usurbilen jazotako gertaera tamalei buruzko erretratu nahiko fidagarria da", egileen esanetan.

Ekarpenak egiteko deia
Ataria osatzen segitzeko soilik ez, bestelako laguntza ere behar dute baita Usurbil 1936 elkartetik bideratu asmo dituzten egitasmoetarako. Baliabide ekonomikoen beharrean dira eta ezkutuan izan den herriko pasarte latzenetako bat azaleratzen laguntzeko dohaintzak egiteko aukera duzue atari berri honetan bertan. Gai honi buruzko informazio gehiago duenak ekarpena egitera ere animatzen du oroimen historikoaren alde lanean diharduen elkarteak. Horretarako, usurbil1936@gmail.com helbidera idatzi behar da.

Zerrenda latza
Dena dugu ezagutzeke 1936ko gerraren bueltan gertatutakoaz. Horri buruzko informazio bilketa handia egin du oroimen historikoa berreskuratzearen alde Usurbilen lanean diharduen taldeak. "Ezin izan dugu 1936ko gerra pairatu zutenen testigantza zuzenik jaso, zoritxarrez", dio aipatu elkarteak web orri berrian bertan. Aldiz, gerraren eragina zuzenean pairatutako herritarren oinordekoen ahotik lekukotza ugari jaso ahal izan dituzte. Bildutako izen-abizenen zerrenda ordea askoz luzeagoa da, guztira 360koa. Aipatu elkartetik zehaztu dutenez, zenbakitan, pertsona hauen guztien informazioa bildu ahal izan dute: 9 fusilatu/exekutatu (bi ezkertiarrek eragindakoak, zazpi kolpistek), 48 hildako (frontean, borrokan, espetxean... alde guztietakoak), 74 zauritu (alde guztietakoak), 24 emakume (alde guztietakoak), 3 ume.

Guztiek, modu batean edo bestean, 1936ko gerrak Usurbilen izandako eragin latzarekin nolabaiteko lotura izan zutenak; herrikideak, borrokatzera etorritakoak... Identifikatu ahal izan dituzten gudari eta milizianoen zerrenda duzue ikusgai, hildakoena, zaurituena, fusilaturikoena, erbesteratuak, errepresaliatuak, emakumeek eta haurrek gerra garaian pairatutakoaren berri...

Ezkutuan zen pasarte latza azaleratu du Usurbil 1936 elkarteak atari honetan. Bada aurkezpen ekitaldian, izen-abizenen zerrenda luze horri lotuta, argitu nahi izan zuten kontu bat. Xehetasunon berri jasotzeko "Memoria historikoa" atalean klikatu behar duzue. Azpiataletako batek "Kolpisten aldean" izena du. Argi utzi nahi izan zuten duela ia 87 urte "kolpisten aldean" jardundakoen informazioa batu dutela bai, izango zirela tartean "kolpista ideologikoak", ideologikoki haiekin bat egiten zutenak, baina haien aldean borrokatzera derrigortutakoak izan zirela webgune berrian aipatzen diren hainbat eta hainbat herrikide, edota soldaduska egitera joan eta han harrapatu eta gauza bera, kolpistekin lerrokatzera behartu zituztenak. Usurbil 1936 elkartetik Sutegin nabarmendu zutenez, zalantza izpirik gabe, atari honetako "atal delikatuena da hau".

"Webgune dokumentala"
Informazio zabala duzue beraz, garaia zein zen kontuan izanda, argazki edo irudi gutxi noski. Garai hartan egunkarietan Usurbili buruz idatzitakoa jaso ahal izan dute baita. "Webgune dokumental" gisa definitu dute egileek jada sarean zabalik duten erakusleihoa.

Elkartea bera ere zehatzago ezagutzeko aukera ematen du atari berriak. 2020an Usurbil 1936 jendaurrean aurkeztu zutenetik jorratu duten ibilbidea hain zuzen; egokitu dituzten oroimen guneen berri jaso dezakezue, egindako omenaldiei buruzko xehetasunak... Udalerri honen iparraldean nahiz hegoaldean dauden Bordatxo eta Andatza mendietako fronteei buruz bildu ahal izan dituzten aztarnen berri ere bai. Andatzan dauden lubakiak berreskuratzen aritu dira baita, eta tartean, "material asko" jaso dute auzolanean. Besteak beste, "munizioa, botilak, oinezkoak, egunkari zatiak...". Lan hau ere webgunearekin bezala, "ez dago amaitua", ohartarazi dute Usurbil 1936 elkartetik.

Eskertutako ahalegina
Kultur-etxeko auditoriora joandakoek biziki eskertu zuten webgune berri honen sorrera. Bereziki, iragan latz haren aztarnak biltzeko eginiko ahalegina, usurbildarren lekukotzak jaso izana nabarmendu zuten. Baita eginiko lanketa itzel honek Usurbilgo oroimen historikoaren transmisioan izango duen eragina; zehazkiago esanda, hezkuntzarako baliagarria izango den materiala dela ere gogorarazi zuten, ikasleekin lantzeko baliabide aproposa.

Usurbil 1936 elkartetik atari berri hau martxan jartzea ahalbidetu zutenak goraipatu eta eskertu nahi izan zituzten. Modu berezian, Usurbilgo Udala eta udalbatza osatzen duten hiru talde politikoak eta senideak. "Zuengatik ez balitz, ez genuen hau guztia jakingo". Hala dio hain zuzen, webgune berrira sartuta segituan ikusiko duzuen lelo nagusiak; "Izan zinetelako gara".

Usurbilgo oroimen historikoari buruzko informazio zabala, beraz, usurbil1936.eus webgune berrian aurrerantzean.