Otsailaren 8an

Usurbilgo Egutegi Dinamikoa aurkeztuko dute, Kulturgunearen datorren bileran

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 6a, 07:53

Taldeen arteko koordinazioa hobetzea xede izango du, Usurbilgo Kulturgunearen asteazkeneko bileran aurkeztuko duten Egutegi Dinamikoak.

Koordinazio nahiz komunikazio gabeziak hobetu, indarguneei eutsi, kulturgileen beharrak eta kulturgileak elkarren artean ezagutu edota alor honetan lankidetza sustatzeko bilgune bat eraikitzeari ekin zioten 2021eko udazkenean Usurbilgo kulturgintzako norbanako nahiz eragileek. Barne lanketan aritu ziren 2022ko lehen seihilekoan. Hilabeteotan jorraturikoa plazaratzeko Kultur Azoka antolatu zuten iazko ekainean. Urte amaieran, bestalde, “650 Usurbil Bizi” otarra herri sorkuntzaz hornitu zuten.

Beste egitasmo bat iragarri dute orain; kulturgintzan dauden gabeziei aurre egiteko, besteak beste, eragileen arteko koordinazioa hobetzeko “Kulturguneak Usurbilgo kultur antolatzaileentzat lagungarria izan daitekeen tresna aurkeztuko du: Egutegi Dinamikoa”. Asteazken honetarako, otsailaren 8rako 18:00etan Potxoenean deitu duten bilkuran. "Asteazken honetan kultur antolatzaileentzat lagungarri izango den proiektua aurkeztu nahi dizuegu. Herrian kultur ekitaldiak antolatzen dituzten talde guztiei bideratua egongo da, bai antolatze orduan lanak errazteko, bai elkarlana bultzatzeko". Deitzaileei bertara joateko gonbita egin diete kultur eragile orori, bereziki antolatzaileei.