Apirilaren 6an

Arantzazura oinez joateko usadioa berreskuratu nahi dute

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 6a, 08:02
Antolakuntzak helarazitako argazkia.

"Ostegun Santuan" Usurbildik Arantzazura oinez joateko usadio honetara animatu nahi dituzte mendizaleak. Irteera, apirilaren 6an.

Mende laurdena bada gutxienez, irteera bat usadio bilakatu zutenetik. Udaberriko oporraldian, “Ostegun Santuan” Usurbildik Arantzazura oinez joateko ohitura dutenei buruz ari gara. Osasun krisialdiak ekimen hau egitea eragotzi ostean, ohitura hau berreskuratu eta mendizale gehiago biltzeko asmoz, ahalik eta lasterren jakinarazi nahi izan dute aurten, apirilaren 6rako antolatuko dutela 63 kilometro luze eta 2.700 metroko desnibela duen txangoa.

Geldialdiekin
Egun horretan, goizaldeko 4:45 aldera biltzen dira frontoi atzean. Aurten ere bai, 5:00etarako prestatu eta ibilaldiari ekiteko. Tarte horretan, egunaren amaieran Arantzazutik itzultzeko autobusean aldatzeko arropa utzi ahalko da. Ibilbidean zehar, zenbait geldialdi egiten dituzte; hala nola, Mandubian hamaiketakoa, Zumarraga parean arropa aldatzeko aukera, Legazpian bazkaltzeko geratzen dira eta Arantzazura helduta askari baten bueltan borobiltzen dute eguna. Xehetasun gehiago aurrerago emango ditu antolakuntzak. Momentuz, mendizaleon agendan apirilaren 6a Arantzazura oinez joateko hitzordua jasotzea nahi dute. Ibilbide luzeko ohitura honek usurbildarrak soilik ez, besteak beste, Tolosaldeako hainbat kide elkartu izan ditu. Informazio gehiago jaso nahi duenak, deitu dezala 662 039 829 telefono zenbakira.