Mende erdia du jada Jose Luis Zumetaren frontoi atzealdeko horma-irudiak. 50 urte, alajaina. 2020ko apirilean zendu zen artista herrikidearen sortze lana aldamioz inguratua, edo erdi estalia ikusiko duzue egunotan eta datozen hilabeteotan. Urtemuga berezia, kontserbazio lanak bideratzeko baliatu nahi dute sustatzaileek, Usurbilgo Udalak eta Zumeta Arte Estudioak. Biek ala biek, gainera, ekimen gehiago ere antolatuko dituzte mende erdi honen harira. Besteak beste, "erakusketak eta Hormaren Mintzoa egitasmoa". Xehetasunak, igande honetan, otsailaren 12an, eguerdiko 12:00etan, lerrootako protagonista dugun muralaren parean, Mikel Laboa plazan deitu duten aurkezpen ekitaldian eskainiko dituzte.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, "Agurtzane Solaberrieta Mesak (Usurbilgo alkateak), Mari Jose Telleriak (Gipuzkoako Kultura diputatuak), Usoa Zumetak, Jon Maia bertsolariak eta 650 Usurbil Bizi proiektuaren gidariak, Azucena Priorek (Ártycoko kidea) eta Mikel Telleria musikariak" parte hartuko dute.
Mikel Laboa plaza hitzordu honetarako itxuraldatua dago; batetik, bi hilabetez luzatuko diren kontserbazio lanetarako aldamioz inguratua dago Zumetaren murala. Handik hurbil, "650 Usurbil Bizi" bestelako turismo eredua sustatuko duen herri egitasmoari lotutako zutabean ere iragartzen ari dira urtemuga berezia.
Mural ikonikoa
9 metroko altuera eta 16 metroko zabalera du eta Usurbilgo nortasun ikur nagusietakoan bilakatu da. 1973an sortu zuen frontoi atzealdeko horma-irudi erraldoia 2020ko apirilean zendu zen Jose Luis Zumeta artista usurbildarrak, Udalaren enkarguz. 50 urte beteko ditu aurten eta urtemuga ez da inondik inora oharkabean igaroko. "Zeramikazko mural abstraktu hau ikonikoa da Usurbilen eta Usurbildik kanpo: bere dimentsioengatik (16x9) Europan material honetan egindako obren artean dagoenik eta handienetakoa da. Zalantzarik gabe, Usurbil berezi egiten duen elementuetako bat da Zumetaren murala", Udalak nabarmendu duenez.
Mende erdiko ibilbidea eginda, kontserbazio lanak egitea erabaki dute Usurbilgo Udalak eta Zumeta Arte Estudioak. "Zeregin horretan espezializatua den Ártyco enpresak egingo du lana, eta aldamioa muntatzen hasi dira gaur bertan", berri eman du Usurbilgo Udalak. Aurreikuspenen arabera, "bi hilabete beharko dituzte lanak bukatzeko". Lan hauetarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasoko du Usurbilgo Udalak.