Koronabirusa

Garraio zerbitzuetan musukoaren beharrik ez bihartik

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 7a, 07:57

Espainiako Gobernuak musukoen erabilera derrigortua murriztea erabaki du astearteroko Ministroen Kontseiluan.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak asteartero egiten duen bileran, asteotan iragarritako erabakia hartu du. Asteazken honetako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik bertatik, koronabirusari aurre egiteko duela ia hiru urte indarrean jarritako neurrietako arintzeko bidean, urrats berria emango du Madrilek; musukoen derrigorrezko erabilerarena. Bihartik aurrera, garraio zerbitzuetan ez da beharrezkoa izango sudurra eta ahoa estaltzea, autobus, tren, hegazkin edota taxi zerbitzuetan. Azkenaldi luzean, garraio zerbitzuon barruan baino ez zen beharrezkoa janztea, geltokietan esaterako ez.

Aldiz, ezinbestekoa izaten segiko du osasun zerbitzuetan; anbulatorioan, farmazietan edota ospitaleetan. Baita eremu soziosanitarioetan ere; adinekoen egoitzetan esaterako, langile nahiz bisitarientzat. Garraio zerbitzuen antzera, guneotan ere bihartik, hilaren 8tik aurrera, ez da beharrezkoa izango musukoa erabiltzea optiketan, entzumeneko protesien edota ortopedia zentroetan.

Intzidentziarik gabe
Covid19ak etxeratu gintuenetik ia hiru urte betetzear diren honetan, indarrean gehien iraun duen neurria izan da musukoen erabilera derrigortuarena. Bihartik, otsailaren 8tik aurrera are gehiago murriztuko da betebehar hau. Neurri honen arintzea, koronabirusak Usurbilen intzidentziarik ez duela hiru aste bete berri direnean dator. Astelehenero moduan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo eguneratu zituen birus honen hedapenari buruzko datuak. Urtarrilaren 3az geroztik ez dute kasu berririk hauteman udalerri honetan. Eremu berdean segitzen du eta intzidentzia nulua du covid19ak Usurbilen. Buruntzaldea osoa ere une honetan eremu berdean da, baita Gipuzkoa ere.