Pagazpe, neska gazte pilotarien topaketan

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 7a, 09:47

Argazkia: Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa.

Igandean Alegian antolaturiko neska gazte pilotarien topaketan parte hartu zuen Pagazpek.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federaziotik berri eman dutenez, neska gazte pilotarien topaketa antolatu zuten pasa den igandean, otsailaren 5ean Alegian. Guztira, 47 bat kirolari gaztetxo elkartu zituzten. Hiru kategoria hauetakoak; benjamin, alebin eta infantil mailetakoak. Eta hainbat herrietakoak; tartean, Usurbilgo Pagazpe elkartekoak. Eta haiekin, Gipuzkoako herriotako ordezkaritza: Abantzu (Zestoa), Azkoitiko, Behar Zana (Amasa-Villabona), Beloki (Zumarraga), Gazteleku (Andoain), Gaztelupe (Zaldibia), Ilunpe (Azpeitia), Intxurre (Alegia), Mundarro (Astigarraga), Murumendi (Beasain), Ospele (Orio), Txulobi (Aduna), Zizurkil eta Zumaia. 

Topaketan bildu zirenek "klubetako pilotariek entrenamendu jolasekin, ariketekin, partidatxoekin... disfrutatzeko aukera izan zuten, eta giro polita sortu zen" azaldu dute Gipuzkoako Euskal Pilota Federaziotik. Antolakuntzatik aurreratu dutenez, "martxoan beste topaketa bat antolatzea da asmoa".