Usurbilgo EHBilduk jakinarazi du nor izango den datorren maiatzaren 28an izango diren udal hauteskundeetarako hautagaia; Agurtzane Solaberrieta Mesa, egungo Usurbilgo alkatea. 2023-27 legealdirako koalizioko zerrendaburu gisa hautatu dute, "oinarrien babes zabalarekin". Usurbilgo EHBilduren esanetan, "erakutsitako kudeaketa gaitasunagatik, legegintzaldiari jarraipena eman, ditugun proiektuekin segi eta Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko gure hautagaia!" izango dela berri eman dute.
Tailerrak
Usurbilgo EHBilduk datozen udal hauteskundeei begira, Usurbilgo Herri Programa osatzeko tailerrak antolatu ditu hurrengo asteotarako Potxoenean:
-Otsailak 14, 18:00 "Herri Nortasuna".
-Otsailak 25, 10:00 "Herri Jasangarria".
-Otsailak 28, 18:00 "Udala Herriaren Zerbitzura".
-Martxoak 11, 10:00 "Ongizartea".
Bigarren legealdira begira
Alkate izandako hautagai bera bigarren legealdira aurkezten den lehen aldia izango da, duela urte askotatik, Joxe Antonio Altunaren garaiaz geroztik. Altuna 1987. urtetik 2003. urtera izan zen Usurbilgo alkatea, lau legealditan hain zuzen. Ordutik, herri honek alkatetzara aurkezturiko hautagaiek legealdi bakarra egin dute agintean.
Aipatu moduan, beraz, EHBilduren hautagaia nor den ezagutzera eman du koalizioak. Egungo udalbatza osatzen duten oposizioko udal taldeen PSE eta EAJ-ren hautagaiak nortzuk izango diren ezagutzera emateke dituzte. Egun, Josune Urkola (EAJ) eta Patxi Suarez (PSE) dira bi taldeotako bozeramaileak.