Koronabirusa

Musukoen erabilera derrigortua osasun zerbitzuen eremuan soilik

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 8a, 08:22

Garraio zerbitzuetan musukoa janztea ez da derrigorrezkoa izango aurrerantzean. Osasun zerbitzuen eremuan baino ez da izango ezinbestekoa gaurtik.

Akabo; ia hiru urteren ostean, gaurtik musukoa ez dago jantzi beharrik, tren, autobus, hegazkin edota taxi zerbitzuak baliatzeko. Hala onartu zuen astearteko Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseiluan. Erabakia gaur eman du argitara, otsailaren 8ko Estatuko Aldizkari Ofizialean. Derrigorrezkoa ez, baina estalki hau prebentiboki erabiltzen segitzea aholkatzen dute zerbitzuotan Madriletik, arnasbideetako infekzioren bat izateko egoera zaurgarrian dagoenarentzat edota koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak izanez gero.

Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioaren esanetan, urrats hau ematea ahalbidetzen du txertaketa tasa altuak (%92tik gorakoa), koronabirusak eragindako ospitaleetako presioa %10 ingurukoa izateak eta birusa hedatzeko herritarrek erakutsitako jarrera arduratsuak. Gogoan izan, duela hiru astetik Usurbilen, intzidentzia nulua du covid19ak. Eremu berdean da udalerri hau, baita Buruntzaldea osoa eta Gipuzkoa ere, 2020. urtetik izandako intzidentzia baxuenarekin.

Osasun zerbitzuetan ezinbestekoa
Estatuko Aldizkari Ofizialaren arabera, beraz, garraio zerbitzuetan ez, baina guneotan musukoa janzten segi beharko dugu osasun zerbitzu eta zentruetan (anbulatorioetan, ospitaleetan...), farmazietan, botikinetan. Salbuespen bakarra; ospitaleratuak dauden gaixoek ez dute jantzi beharrik izango. Gune soziosanitarioetan ere beharrezkoak izango dira aho eta sudurren estalkiok. Langileen kasuan, egoiliarrekin kontaktuan daudenean edo haiekin eremu bera partekatzen duten uneoro eta bisitarien kasuan, jende gehiagorekin daudenean. Orain arte bezala, gaixotasunen bat izan edota musukoa janzteak arnasa hartzeko zailtasunen bat dutenen egoera zaildu dezakeenean ez da musukoa jantzi beharrik izango, ezta ekintzen bat egiteko musukoa janztea ezinezkoa den kasuetan ere.

Gaurtik indarrean den Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioaren dekretuak iragan urteko apirilaren 19koa ordezkatuko du. Esteka honetan irakur dezakezue osorik, gazteleraz: otsailaren 8ko Estatuko Aldizkari Ofiziala.