“Baliabideak eman nahi dizkiogu minbizia pasatzea tokatu zaionari”

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 9a, 12:05

Entzunezkoen Argia Saria eskuratu du Iñurri elkartearen (Min) bizi podcastak. Lan horren atzean dago Miren Cuerdo lasartearra, orain Usurbilen bizi dena, eta hark dioen bezala, inurririk gabe ez litzateke posible izango lan hau egitea. Inurri horietako bat da Amaia Ullate usurbildarra. Bularreko minbizia du duela urtebetetik eta Iñurri elkartean dabil. Tratamenduei buruzko hirugarren atalean hartu du parte bere esperientzia kontatzeko. Bi emakume hauekin izan da NOAUA! ibilbide honen nondik norakoak ezagutzeko.

NOAUA! (Min)bizi podcasta saritu dute Argia sarietan. Minbizia eta feminismoa lantzen dituzue bertan. Nola uztartzen dira bi kontzeptuak?
Miren Cuerdo: Feminismoa bizitzako arlo guztietan sartzen dudan begirada da. Iñurrin konturatu ginen minbiziaren alorrean ez dela lantzen ikuspuntu hau behar beste. Ikuspegia garai batekoa bezala da, gutxinaka ari da aldatzen. Emakumeak indartsu paperean irudikatzen jarraitzen du gizarteak, zaintzaile paperean, euren buruekin eta gainontzekoekin. Medikuek zerrenda bat prestatzen dute beharrezko “materialarekin”: turbantea, medikamentuak... inork ez du laguntza psikologiko edo nutrizional edo bestelako handirik eskaintzen eta merkatua horretaz aprobetxatzen da, gainera.
Amaia Ullate: Bularretakoen kasuan, bular bakarra duten emakumeentzako bularretakoak existitzen dira, baina oso-oso garestiak dira. Alde batean zorroa dute gainontzekoek bezala eta beste aldean protesia sar diezaiekezu. Supermerkatu batean merkeagoak aurkitu ditut, baina titi bakarra dugunontzat zaila da produktu hauek aurkitzea eta prezio onean erostea.
M.C: Lazo arrosa bat jartzen diete produktu askori eta horrekin prezioak garestitzen dituzte enpresek. Turbante bat bereziki minbizia duen norbaitentzat erostea edo zapi normal bat erostea prezioz oso ezberdinak dira. Minbizia duen norbaitentzat denez, etiketa hori jartzen diote eta horrekin prezioak igotzen dituzte. Hori justifikatzeko material bereziak direla eta behar horietara egokituago daudela saltzen digute.
A.U.: Nik zapia eraman izan dudanetan hori esan izan didate, materiala egokiagoa dela buruko azalak arnasa hobeto hartzeko eta abar. Hori guztia ezin dugu jakin guk eta prezioak igotzeko aitzakia ederra da. Gisa honetako kontuekin eta minbizia pasatzen ari den pertsona batek senti dezakeen bakardadearekin galduta sentitze hori hazi egiten da askorentzat eta Iñurriri esker, elkarri laguntzeko aukera daukagu eta elkar oso ondo ulertzen dugunez, errazagoa da bidea jende askorentzat.
M.C.: Minbizia pasatzen duten pertsonek elkar oso ondo ulertzen dute eta bakoitza mundu bat bada ere, sintoma antze
koak izan ditzakete batzuek: azazkalak ahuldu eta ilundu, bagina erabat lehortu...eta aldaketa horiek elkarrekin partekatuta trukoak erakusten dizkiete elkarri. Modu horretan feminismoa eta minbizia uztartu egiten dira, emakumeek emakumeei laguntzeko aukera eskaintzen duelako.

(Min)bizi podcasta non entzun daiteke?
M.C.: Podcastak euskaraz eta gazteleraz ari gara egiten. (Min)bizi izena du euskarazkoak eta Iñurriren sare sozialetan eta sarean ere aurki daitezke. Gaztelerazkoa Dragón Cáncer da eta atal gutxiago ditu. Euskarazkoa Argian ere topa daiteke eta gaztelerazkoa Pikara aldizkarian. Bi egiten ditugu euskaraz eta bat gazteleraz. Otsaila bukaeran amaituko dugu 13 ataleko lehen saioa, baina aurrerago gehiago egitea aurreikusi dugu.



“Pertsona bakoitzak bere modura bizi du minbizia eta jarrera guztiak dira zilegi”

NOAUA! Podcast honekin hastearen arrazoi nagusia bakardade hori izan daiteke? Zentzu batean tabua ere bada, ezta?Amaia Ullate: Nik neuk ez dut inoiz ere tabu modura ulertu. Lehen aldiz ilerik gabe eta turbantearekin ateratzean oso modu naturalean egin nuen gainontzekoek zer pentsatuko duten batere axola gabe. Jende askok pena sentitzen du eta beste askok indartsu etiketa jartzen digute. Jende askok nabaritzen du gehiago begiratzen zaiola turbantearekin edo ilerik gabe aterata eta hori gaizki daramate hainbatek. Nik oso argi izan dut beti ez naizela ezkutatzen saiatuko edo jendearen begiradek ez nautela kikilduko. Badakit gai honi buruz hitz egingo zutela askok, baina niri bost axola. Gaixotasun bat da eta tratamenduak ondorio batzuk ditu zenbaitengan eta hori oso onartuta daukat. Kalean jendeak kontatu dit minbizia pasa duela edo baduela ezagunen bat, askotan ia ezagutu ere egiten ez ditudanek edota inoiz gai horretaz hitz egin ez dugunean. Hala ere, ez zait gustatzen nirekin hitz egitean beti gaia minbizia izatea. Minbizia daukat eta prozesuan nago, baina horregatik nire bizitzak ez du gai horren inguruan bakarrik buelta ematen. Nahiago dut mila gairi buruz hitz egin beti minbiziari buruz hitz egin baino.
Miren Cuerdo: Amaiak oso modu naturalean darama gaia, baina beste askok ezkutuan eramaten dute. Kasu batzuk ezagutu ditugu oso bestelakoak. Ama batek egunero ileordea eramaten zuen gau eta egun seme-alabek minbizia zuela ez jakiteko edo beste batek bularreko minbizia pasa eta handik urte batzuetara jakin du izeba bat duela titi bakarra dena. Hark ez zion inoiz ezer esan. Beste behin, aurkezpen bat egitera joan ginen bularreko minbiziari buruz eta amaieran adineko emakume bat etorri zitzaigun eta ia xuxurlaka esan zigun: “ni ere titi bakarra naiz”. Pertsona bakoitzak bere modura bizi du minbizia eta jarrera guztiak dira zilegi. Guk podcasta sortu genuen behar zutenei lagungarri egingo zitzaielakoan.
A.U.: Nik podcastean parte hartu dut uste dudalako nire egoera kontatzeak niri ere on egiten didala, baina, batez ere, orain bidean daudenei edota etorkizunean gurea bezalako esperientzietatik pasako direnei lagungarria egingo zaielakoan. Podcast hauek beti hor egongo dira behar duenak entzun ditzan eta uneoro zerbait berria erakutsiko diote, bati ez bada besteari.

 

“Diru gehiago jarri beharra dago tratamendu hobeak lortzeko”
NOAUA! Emakumeei eta bularreko minbiziari buruz ari gara, batik bat, baina Iñurri elkarteak ez du zerbitzua horretara bakarrik bideratzen.
Miren Cuerdo: Ez. Jende askok uste du bularreko minbiziaz bakarrik dihardugula, baina denetariko minbizia dutenak gonbidatuta daude bai eta haien senitarteko, lagun eta ingurukoak ere. Paradoxa dirudi, baina gizonezko Iñurri bakarra daukagu eta homosexuala da. Bakoitzak atera ditzala bere ondorio propioak horretatik. Orokorrean, nik uste gizonei askoz gehiago kostatzen zaiela gaixorik daudela partekatzea eta laguntza eskatzea. Familia askotan gizonek ez dute zaintza paper hori hartzen emakume denean gaixorik dagoena, eta inguruko beste emakumeek hartzen dute paper hori. Lehen aipatutako idea hori errepikatzen da berriz ere, emakumeak indartsuak direla eta zaintza lanak egiten dituztela “super heroi” moduan. Bide honetan, gauza asko daude aldatzeko.

Amaia Ullate: Emakumeak elkartzen gara Iñurrin, batez ere, baina gizonezkoekin gure esperientziak gustura partekatuko genituzke. Hala ere, norbaiti zerbait eskatu beharko bagenio, erakundeei da hori. Diru gehiago jarri beharra dago minbizian ikerketa egiten jarraitzeko eta tratamendu hobeak lortzeko. Horrez gain, onkologikoko arretan ere oso egoera ezberdinak aurkitu ditugu. Iñurrin dabilen beste emakume bat eta biok mediku bera dugu onkologikoan eta bata oso gustura dago eta bestearentzat zerbitzua oso txarra da. Azkenean, bakoitzak bere erara bizi du. Jendeak kalean bularreko minbizia dudala esatean, batzuetan, honakoa esan izan dit: “beno, behintzat bularrekoa da, hori da gaur egun dagoen minbizirik errazenetakoa”. Egia da ikerketaren bidez hobekuntzak egiten ari direla etengabe, baina oraindik lan izugarria dago egiteko eta hori lortuko bada ikerketek aurrera jarraitu beharra daukate, eta horretarako dirua jarri behar da.