Negu parte honetako gau hotzenak bizitzen ari gara egunotan. Bart gauekoaren isla, eguna esnatu denean herriak zuen itxura. O gradura hurbildu da tenperatura bart eta izotzak zuritu ditu bazterrak. Gure ingurua zehazki ez, baina Gipuzkoa barnealdea bai, abisu horian da egunotan tenperatura baxuagatik eta izotzagatik baita.
Ostiral goizean ere antzeko irudia izango dugu. Gauak hotz, goiz izoztuak eta egun eguzkitsuak datozkigu. Egunez halere bai, giro epelagoa izango dugu. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, ostegun honetan, 10 graduko tenperatura, 11 gradukoa ostiralean edota 13 gradurainokoa asteburuan.
Egun eguzkitsuak
Ostegun honetan, Usurbilen, "zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua egongo da eta arratsaldean hodeitsu geratuko da. Arratsaldean zirimiria egin dezake han-hemenka. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; arratsaldean ipar-osagaia nagusituko da, tarte biziekin. Tenperatura maximoetan ez da aldaketarik izango. Baliteke puntualki izotz txikia egitea". Bihar ere antzeko giroa. "Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da. Hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da; arratsaldean eki/ipar-ekialdekoa nagusituko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoetan, aldaketarik ez. Baliteke izotz txikia egitea". Larunbatean, "Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da. Hego/hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak gutxi igoko dira".
Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus