NOAUA! Interneteko Argia saria irabazi duzue Mastodon ekimenagatik. Nola definituko zenuke Mastodon?
Asier Iturralde: Mastodon 2016an sortu zen Alemanian eta 2018an sortu zen euskal Mastodon komunitatea. Kontua da Twitter, Facebook eta halako sare sozialak bat eta bakarra direla, eta beraz, ezin direla gehiago sortu. Mastodonek, aldiz, aukera ematen du nahi adina sortzeko. Beraz, ia aldi berean bi Mastodon sortu ziren Euskal Herrian. Lehenik, Izarkomek mastodon.jalgi.eus sortu zuen eta handik oso denbora gutxira, ia aldi berean, mastodon.eus sortu genuen sei eragileren artean: Azkue Fundazioa, Dinahosting, gu (Iametza), laborategia.eus, PuntuEUS Fundazioa eta Talaios kooperatiba. Nahigabe gertatu zen hau, guk ez genuen Izarkom ere Mastodon sortzen ari zen berririk eta biak batera jaio ziren ia.
Egun biek existitzen jarraitzen dute? Nola uztartzen dira?
Bai, biek jarraitzen dute existitzen domeinu horiekin. Mastodonen barnean komunitateak daude, baina komunitate horiek elkarrekin harremanetan daude nolabait. Zerbitzari bakoitza burujabea da, baina denak elkarri lotuta daude. Bi domeinuetako edozeinetan izena emanda leku berera iritsiko ginateke nolabait. Beraz, batean edo bestean izena eman, berdin funtzionatzen dute eta komunitate beraren parte dira. Bi euskal komunitate hauetan ez da onartzen jarrera sexista, xenofobo edota edonolako jarrera jazartzailerik. Badaude Mastodon batzuk horrelako jarrerak onartzen dituztenak ere, baina horiekin ez badugu ezer jakin nahi lotura horiek haustea posible da.
Zenbat erabiltzaile ditu gaur egun?
Euskal komunitateetan 4.000 bat erabiltzaile daude gaur egun. 2018an martxan jarri zenean gonbidapen sistema jarri genuen martxan kontaktuek elkarri pasatzeko eta erabiltzaile bilakatzeko. Komunikabideetan ere zabaldu genuen albistea jendeak izena eman zezan. Orduan, erabiltzaile batzuk sortu ziren eta ondoren, Twitterren gainean Elon Muskek egin dituen aldaketek ere jende asko erakarri dute Mastodonera Twitter utzita. Olatuekin funtzionatzen du nolabait. Argia saria jaso dugunean ere gorakada nabaritu da.
“Twitterren inguruan sortutako tirabira bakoitzeko, erabiltzaile berrien uholdea nabaritu dugu Mastodonen”
NOAUA! Twitterren azken hilabeteetan sortu diren tirabirei bizkarra eman eta Mastodon sare sozialak horretatik asko irabazi duela uste al duzu?
Asier Iturralde: Bai, erabat. Twitterren inguruan sortutako tirabira bakoitzeko Mastodonen erabiltzaile berrien uholdea nabaritu dugu. Ez euskal komunitatearen barnean bakarrik, baita munduan ere. Geroz eta komunitate gehiago sortzen ari dira, eta egun milaka daude. Galizian sortu berri dute, bai eta beste hainbat txokotan ere. Hizkuntza komunitateak dira asko, bai eta gaika sortutakoak ere. Horiek gero elkarri lotuta daude eta mundu zabala ari da sortzen Mastodon sare sozialean.
“Mastodon Twitterren oso antzekoa da”
NOAUA! Mastodon sare sozialak Twitterren antzeko logika segitzen du, ezta?
Asier Iturralde: Microblogging zerbitzua eskaintzen du, Twitterren oso antzekoa dena. Egungo sare sozialen batekin konparatu beharko banu Twitterrekin izango litzakete. Ezberdintasuna nagusia da ez dagoela multimilioidun bat zerbitzuaren atzean Twitterren bezala, eta komunitateka antolatuta dago. Elon Muskek aldaketak egin ditu Twitterren politiketan eta horiekin ados ez daudenentzat oso egokia da Mastodon. Hark adierazpen askatasun erabatekoaren aldeko apustua egin du eta egun irainak eta denetariko diskriminazioak Twitterren egitearen alde dago. Absolutista da zentzu horretan. Mastodonen berriz, komunitate bakoitzak bere arauak ditu eta gurean, behintzat, ez dira irainak eta inolako jazarpen eta diskriminazioak onartzen. Idatz daitezkeen karaktere kopuruetan ere Mastodonek gehiago eskaintzen ditu, 500. Mastodon eta Twitterren ezberdintasun nagusia atzean dagoen figura da. Elon Muskek dirua egiteko makinatzat du Twitter eta dirua emango dion horri men egiten dio, nahiz eta erabaki horien aurka egon erabiltzaile asko eta asko. Mastodonen atzean ez dago irabazi asmo hori eta erabiltzaileentzat sortutakoa da eta haiengan pentsatutakoa. Iragarkirik ere ez dago. Hori da jendea gehien erakartzen duena Mastodonek. Euskal komunitateak euskararen arnasgune ere badira. Twitterren euskaldun askok gazteleraz erabiltzen du, eta Mastodoneko komunitateak euskarazkoak dira.
Twitterren amaieraz ere hitz egin izan da behin baino gehiagotan. Mastodonek hutsune hori beteko luke hala gertatuko balitz?
Bai, nik uste hori gertatuko balitz Mastodonek hartuko lukeela Twitterren lekua, baina oraintxe bertan oso zaila da esatea Twitter amaituko den edo ez eta horrek zein ondorio zuzen izango lituzkeen. Beraz, Twitter izan edo ez, edonor gonbidatuta dago Mastodonera ere.