Otsailaren 13tik aurrera

Idoia Torregarai "Harpa jotzen", EITB-ren "POZkast" berrian

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 9a, 11:07

Herriz herri urteotan hainbat emanaldi eskaini dituen Mirari Martiarena bidelagun duela, Idoia Torregarai herrikide eta NOAUA! K.E.-ren lehendakariaren "Harpa jotzen" podcast berria estreinatuko du EITB-k datorren astelehenean.

"Harpa jotzen" ariko zaigu Idoia Torregarai herrikidea Mirari Martiarenarekin batera, datorren astelehenetik, otsailaren 13tik aurrera, EITBPodkast atarian. Webgune horretan estreinatuko duten podcast berria duzue, hobekiago esanda, "POZkasta" egileek ostegun honetan egin duten aurkezpenean nabarmendu duten moduan; "alaitasun eta POZarentzat txoko bat" izango dute hurrengo astetik aurrera.

Haiek sortutako saioak bi zati izango ditu; gai baten inguruko solasaldia. Ahotan hartuko dute besteak beste, "barrea, kuadrilla, sexua, lo egitea, mendia eta euskara". Bigarren zatian, gai berari buruzko elkarrizketak egingo dizkiote gonbidatu bati. Zenbait izen aurreratu dituzte gaurko aurkezpenean; "Jon Plazaola, Lorea Agirre, Manu Etxezortu, Bea Egizabal, Iñigo Antsorregi, Aitziber Garmendia, Ana Galarraga eta Joxe Rojas" izango dira Torregarai eta Martiarena "harpa-jotzaileen galdera gaiztoen biktimak". 

"POZkast" honen zuzendari eta gidoigileak izango dira Idoia eta Mirari, "soinu-zuzendaritza, musika eta grabaketaren ardura Iñigo Etxarrirena da; eta ekoizpena eta koordinazioa, berriz, Hiru Damatxoren esku dago. Unai Gaztelumendik sinatzen du irudia". Bi astean behin saio berri bat.

Umorean euskaraz eragiten duten albiste honetako bi protagonistak aspaldiko bidelagunak dira kontuotan; hor dago, besteak beste, "Luze edo motz" Euskal Herrian barrena herriz herri bidaiatzea ahalbidetu dien emanaldia.