Karta jokoan aritzeko aukera aparta ostiral gau honetan Aitzaga elkartean. Euskal Herriko 14. Mus Txapelketako Kanporaketa antolatu dute, herri mailakoa urtero moduan. Gaur 21:30etan irekiko dute izen-emateko epea 22:00ak arte. 20 euro ordaindu beharko ditu bikote bakoitzak. Aginaga eta Saizar sagardotegiek eta Bruño marisko etxekoek babesturiko hitzorduan nagusitzen direnak martxoaren 11n jokatuko den Gipuzkoa mailako finalerako sailkatuko dira. Eta bertan puntuazio onena eskuratzen dutenek, martxoaren 25ean Zornotzan (Bizkaia) antolatu duten nazio mailako finalerako.
Sari ederrak
Euskal Herriko Mus Federazioak antolatu duen txapelketan lehen postuan sailkatzen direnentzat, sari eder askoak iragarri dituzte:
Herrialdeetako finaletan:
txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkari eta afariak...
Nazio mailako finalean:
-Txapeldunentzat: txapela, garaikurra, 3.000 euro eta Karibera bidaia lau lagunentzat, gastu guztiak barne direla.
-Txapeldunordeentzat: garaikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzako Karibera bidaia, gastu guztiak barne direla.
-3. bikote sailkatuarentzat: 750 euro eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat.
-4. bikote sailkatuarentzat: 500 euro eta euskaraz ikasteko urte osorako bi matrikula.
-5-8 postuen artean sailkatzen diren bikoteentzat: 250 euro.
-9-16 postuen artean sailkatzen diren bikoteentzat: 100 euro.