Usurbilgo Eman enpresak Naturklimaren Borondatezko Karbono Funtsaren aitorpena jaso du

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 10a, 15:24

Eman enpresak Naturklimaren Borondatezko Karbono Funtsaren aitorpena jaso du, Gipuzkoako beste 9 enpresarekin batera. 10 enpresek 12.000 tona CO 2 baliokide konpentsatu dituzte; guztira 100.000 euroko balioa du.

Naturklimak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuak martxan jarritako Borondatezko Karbono Funtsa aitortzen zaie beren isuriak aitortzera behartuta ez dauden sektoreetakoak izan arren beren karbono aztarna konpentsatu nahi duten eragile ekonomiko eta sozialei. Egindako konpentsazioari esker, Irungo Bidasoa auzoko Etxolazarreta finkaren lehengoratze ekologikoa egin dute, Aiako Harria Parke Naturalean, joan zen urtean jasandako baso-sutearen ondoren. Leheneratze-obraren helburua da lursaileko landarediaren eta lurzoruen gaitasuna hobetzea karbono- hustutegi gisa jarduteko, haien funtzionaltasun ekologikoa indartzeko eta inguruneko biodibertsitatea kontserbatzeko.

 

José Ignacio Asensio Ingurumen diputatua eta Naturklimako lehendakaria: “Gipuzkoako Karbono Funtsaren bidez zentralizatutako konpentsazioei esker, inpaktuek gure lurraldearen garapen jasangarriari mesede egiten diote, CO 2 xurgatzeko dugun gaitasuna hobetuz, eta proiektuak bultzatzen dira, tokiko aberastasunerako eta enplegurako eta gipuzkoarren bizi-kalitaterako zuzeneko onura dakartenak”.

 

Eman enpresak irtenbide integrala eskaintzen du produktuen packaging-ean. Horretarako, azpiegitura sendoa eta modernoa du, eta lan-prozesu zorrotzenak eskaintzen ditu. Gainera, ingurumenarekin konpromiso sendoa du, bezeroekiko kontzientzia komuna partekatzen du, baliabideak zentzuz eta eraginkortasunez erabiltzen direla zaintzen du eta materialak birziklatzen aktiboki parte hartzen du. José Ignacio Asensiok eskerrak eman dizkio enpresari lurraldea deskarbonizatzeko hartu duten konpromisoagatik, eta Naturklimaren ekimenarekin izan duten inplikazioaren balioa azpimarratu du: “Lehenengo enpresa hauek ingurumen- inplikazio eta -erantzukizun handia erakutsi dute neutraltasun klimatikoaren helburuan, eta beharrezkoa da eskerrak ematea eta ikusaraztea gure lurraldeko sektore ekonomiko eta industrialaren preskriptore izateko hartu duten konpromisoa”.

 

“Gure emisioak Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsean konpentsatu ditugunez, asko poztu gara, hobeto sentitzen gara inguru horretan eragile aktibo garen aldetik. Guretzat oso garrantzitsua da gure emisioak konpentsatzea, klima-aldaketaren aurkako hurbileko proiektuetan lagunduz. Gure ingurunea mantentzeko betebeharra delakoan gaude”, adierazi dute Emaneko kideek.

 

Euskadiko borondatezko lehen karbono-funtsa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak jarri zuen martxan, Naturklimarekin lankidetzan, eta sektore lausoetako erakundeak ditu helburu, baldin eta, emisioak aitortzera behartuta egon gabe, beren karbono-aztarna Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren bidez konpentsatu nahi badute. Berriki onartu den Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legeak Karbono Aztarna erregistratu eta konpentsatzeko derrigortasuna ezarri du. Gaur egun, betebehar horrek eragiten die BEG gehien sortzen dituzten industria sektoreei. Gipuzkoaren kasuan, horien isuriak dira guztizkoaren % 20 inguru, eta arautu gabe geratzen da gainerako % 80a, sektore lausoen isuriei dagokiena. Azken zati hori sektore hauei dagokie: etxebizitzak, merkataritza eta erakundeak, garraioa, nekazaritza eta abeltzaintza, hondakinen kudeaketa, gas fluordunak eta isurien merkataritzari lotzen ez zaion industria.

 

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok honakoa esan du: “Borondatezko funts honek laguntzen die araututako sektoreetakoak ez diren erakunde eta eragileei beren proiektu edo jarduerak modu jasangarriagoan sustatzen, klima aldaketaren aurkako konpromisoa hartuta eta gure ekonomia deskarbonizatzeko prozesuan lagunduta”.

 

2050erako klima neutraltasuna bermatzea eta ekonomiaren deskarbonizazioa sustatzea helburu du Gipuzkoako Klima Aldaketaren Aurkako Borroka Estrategiak. Estrategia horren arabera, klima neutraltasun hori lortzeko, % 90 murriztu behar dira

berotegi efektuko gasen (BEG) 2005eko isuriak, eta horrek esan nahi du CO 2 isuriak murriztu behar direla 2005ean isuri ziren 8.376 kilotonatik 867 kilotonara 2050erako. Isurien gainerako % 10 xurgatuko dituzte karbono hustubideek, eta horrek suposatuko luke karbono neutraltasuna lortzea. Hori lortzeko hainbat estrategia jarri behar dituzte martxan –Borondatezko Karbono Funtsa kasu– bermatzeko Gipuzkoak CO 2 xurgatzeko gaitasuna handitzen duela.