Usurbilgo jaiak, ekainaren 29tik uztailaren 3ra

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 11a, 12:39

Ostegunez hasi eta astelehenarekin amaituko dira datozen Usurbilgo festak. Jai Batzordea Santixabelen prestaketa lan betean da jada.

Usurbilgo jaietako nondik norakoak zehazten hasia da Jai Batzordea. Hilabete hasieran Potxoenean egindako lehen bilkuran, festen iraupena zehaztu zuten, baita Santixabelak noiz hasi eta noiz amaituko diren ere. 2023ko herriko jaiak ostegunez hasi eta astelehenarekin batera amaituko dira. Egutegia eskutan, ekainaren 29an abiatuko dira eta uztailaren 3ra arte, bost egunez parranda giro betean murgilduko da herri hau.

Gogoan izan, Santixabel eguna uztailaren 2a izaten da. Aurtengoan, igandez egokituko da. Usurbilgo Udalak udalerri mailako jai eguna izendatzeko aukera izaten du urtero. 2023koa igandean izango dela jakinik, astelehenera aldatzea erabaki zuten jai eguna, iaz eginiko osoko bilkuretako batean. Oraingoan, beraz, Usurbilen jai izango da uztailaren 3a, astelehena, festetako azken eguna.

Bigarren bilera
Ospakizunen hasiera eta amaiera data finkatu ostean, bost egunotan izango duguna zehazten hasi asmo du orain Jai Batzordeak. Santixabelak prestatzen segitzeko hurrengo bilera hitzordua iragarri du. Datorren saioa, otsailaren 16an, arratsaldeko 18:00etan izango da Potxoenean. Aipatu moduan, hitzordu horretan herriko festen egitaraua diseinatzen hasi asmo dute.

Gogoan izan, Santixabelak antolatzen lagundu edota ekintzak proposatu nahi dituzten norbanako eta eragileek parte har dezaketela Jai Batzordean. Elkargune honetan hartzen dira, herriko festei lotutako erabakiak; tartean, besteak beste, egitarauaren diseinua, txupinazoa nork jaurtiko duen, edota egitarauaren diseinuaren nondik norakoei lotutako xehetasun guztiak.