"Zumeta" izeneko diskoa kaleratu zuen urte amaieran Mikel Telleria kantariak, 2020ko apirilean zendutako aipatu usurbildar artistari eskainitakoa. Haren arte estudioan aurkeztu zuen, Usurbilgo Udalak diruz lagundutako sortze lan berria. CDa osatzeko Jose Luis Zumetaren bi margolan baliatu zituen. Hamaika abestiz osaturiko bilduma, egileak hitzordu hartan nabarmendu zuenez, eklektikoa eta kontraste handikoa da. Haietako abesti bat "Zumeta" izenekoa Usurbilgo artistari eskainitakoa da eta gaur entzun ahal izan dugu, protagonistak 1973an sortu zuen horma-irudiak bete dituen 50. urtemugari lotutako ekimenen aurkezpenean. Hitzordua borobiltzeaz arduratu da Telleria.
"Konpontzen ari zareten mural zoragarri horren aurrean Zumetari kantu bat eskaintzea pozgarria da", adierazi du Telleriak abesten hasi aurretik. Deigarritzat jo du "kanpotik ikusita, Usurbilgo herriak euskal kulturarekiko zer nolako begirunea duen. Nola zaintzen duen bere artea, ondarea, euskal artistak... Segi horretan eta bejondeizuela!".