Zumetaren muralak 50 urte

"Usurbilen bertan duzue gordailu erraldoi bat"

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 12a, 16:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko ditu Zumetaren frontoi atzeko muralaren zaharberritze lanak. Herri honek bidelagun izango du beraz Diputazioa, artista usurbildarraren horma-irudiaren 50. urteurrenaren harira hurrengo hilabeteotarako Usurbilen antolatu diren ekimenetan.

Urtarrilaren 31z geroztik aldamio azpian ezkutatua dago Jose Luis Zumetaren frontoiko horma-irudia. Kontserbazio lanak bideratuko dituzte hilabeteotan, muralak 50 urte bete dituen honetan. Lanok Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko ditu eta modu horretan "parte hartuko du zaharberritze lanekin". Usurbilgo Udala da Zumeta Arte Estudioarekin batera egitasmo hau gauzatzen ari dena, baina Diputazioak ere esker onez hartu du bertan parte hartzea eta "bidea elkarrekin egitea", nabarmendu du Mari Jose Telleria kultur arloko foru diputatuak, lerrootan protagonista dugun horma-irudiaren mende erdiaren harira hurrengo hilabeteotarako antolatuko dituzten ekimenak aurkezteko gaur egin duten aurkezpen ekitaldian.

Esker onez hartu du muralaren 50. urteurreneko ekimenak herriarekin soilik ez, "zuena izan den proiektua gipuzkoar guztiekin partekatu nahi izatea". Sortze lan honen bidez oroituko den egilea, usurbildarra izan eta Telleriaren esanetan "hemen hala sentitu duzuen" arren, "gipuzkoarra ere sentitzen genuen". Foru Aldundiko ordezkariak nabarmendu duenez, "gutxi ziren erakusketak edonon antolatzeko prestasuna" agertzen zuten artistak, edota erakusketa zabaldu eta "bere lanek eragiten zuten zirrara eta ikusmina azaltzeko bizilagunekin solasaldi bat" izaten zuten sortzaileak. Zumeta zen haietako bat Telleriak oroitu duenez.

Herria artelanen gordailu
Ez da ordea artista usurbildarrari buruz duten oroigarri bakarra. Gipuzkoako Foru Aldundiak Irunen herrialdeko sortzaileek eginiko "artelanik garrantzitsuenak" biltzen dituen gordailua du, tartean Zumetaren zenbait lan jasotzen dituena. Ikerlariak ari dira bertan lanean, zaharberritze lanak egiten dituzte eta bertan dituzten milaka piezetatik hainbat gizarteratzeko lanean dihardute. Gaurko ekitaldian foru diputatuak, biltegi harekin alderaketa eginez, Usurbilek ere antzekorik baduela goraipatu du; "Usurbilen bertan duzue gordailu erraldoi bat"; frontoi atzeko Zumetaren horma-irudi handia, eta harekin, "herrian zehar sakabanatuak dituzuen bestelako artelan, pieza, eskultura, mural eta ibilbideak". Horrek guztiak herri honi ematen dion nortasuna azpimarratu du.