Zumetaren muralak 50 urte

"Sentsibilitatez, txukun eta errespetuz jokatu nahi dugu"

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 12a, 16:07

Hala adierazi dute 50 urte bete dituen Zumetaren murala zaharberrituko duen enpresako ordezkariek, urtemuga berezi honen harira antolatu diren ekimenak aurkezteko gaur Mikel Laboa plazan egin duten aurkezpen ekitaldian.

Zumetaren murala izango dugu urteko albisteetako bat, 50 urte betetzera heldu den sortze lan honen bueltan Usurbilgo Udalak eta Zumeta Arte Estudioak datozen hilabeteotarako antolatu dituzten ekimenak aurkezteko gaur frontoi atzean egin duten aurkezpen ekitaldian argi geratu denez. Egitasmoon artean, bat, begi bistan duguna jada; bere zaharberritze lanak. Abian dira, pare bat hilabetez edo luzatuko dira eta zereginotan ariko da Ártyco enpresa. Haren ordezkarietako batek hartu du hitza urtemuga ekimenen gaurko aurkezpen hitzorduan. "Sentsibilitatez, txukun eta errespetuz jokatu nahi dugu material bakoitzari bere egonkortasun fisikoa eta edertasuna berreskuratzeko behar duen sendotasuna emanez, bakoitzari behar duen neurrian noski", adierazi dute.

"Ondo eutsi diote denboraren joanari"
Ezinbestekotzat jo dituzte zaharberritze lanok, "denboraren joanak mundu honetan den oro kolpatzen du" eta. Guk geuk behar dugun zaintza behar izaten dute baita sortze lanok. Zumetaren muralaren kasuan, bete duen mende erdi honetan denetariko baldintza klimatiko gogorraren edota "kutsadura eta inguruko obra txikien" eragina pairatu du. "Gaitz horien guztien eraginez, arrakalak eta urratuak egin zaizkie azulejoei eta zikinkeria pilatu da bertan". Puska batzuk ere galdu dira ikusi ahal izan dugunez. Kalean aire librean egon dira bai, baina "uste dugu ondo eutsi diotela denboraren joanari". Halere "gauzek zaintza behar dute, datozen urteetan orain arte bezain eder ikusi nahi baditugu".

Horregatik, bideratuko dituzten lanei buruz aipatu dutenez, "gure lana leheneratzean eta kontserbatzean datza. Leheneratzea diogunean jatorrizko materialak kaltetu, ezkutatu eta desitxuratzen ditugun elementuak, gainjarriak kentzeaz ari gara; zementua, zikinkeria metatua, intsektu habiak eta abar. Kontserbatzea diogunean berriz, hondatutako azulejoen ezaugarri fisiko egokiak berreskuratzeaz ari gara. Gaur egungo teknika eta tratamenduak bitarte, azulejoak finkatu, itsatsi eta babesteaz, hartara aurrerantzean dotore iraungo dutela ziurtatzeko". Modu horretan, "zutik iraungo du horma-irudiak eta zaharberritze lanak amaitu ostean, ikustera hurbilduko direnak gozatu ahalko dute belaunaldiz belaunaldi historiak baimentzen dion eta dugun bitartean".