"Hormaren mintzoa". Hauxe duzue, 50 urte bete dituen Jose Luis Zumetaren muralaren harira Usurbilgo Udalak eta Zumeta Arte Estudioak datozen hilabeteotan bideratuko dituen egitasmoetako bat. Honako hau, "650 Usurbil Bizi" bestelako turismo eredu bat sustatzen ari den proiektuaren bidez hain zuzen. "Bideo pieza artistiko batzuk grabatuko dira hemen, horma-irudia protagonista bezala harturik eta Euskal Herriko artista izen garrantzitsuek parte hartuko dute bideo pieza horietan", zehaztu du "650 Usurbil Bizi" egitasmoaren dinamizatzaile Jon Maiak, frontoi atzealdeko muralaren urtemugaren harira antolatu diren ekimenak aurkezteko gaur egin duten ekitaldian.
Grabazio hauen bidez, "horma-irudia gizarteratzea da" nahi dutena "eta Usurbilgo mugetatik harago zabaltzea eta ezagutzera ematea". Ildo beretik, bigarren hitzordu bat ere iragarri du Maiak. Udan gaurko aurkezpen ekitaldiaren eremuan bertan ospatuko den jaialdia, "horma-irudia bera protagonista harturik". Herriko artista, sortzaile eta kultur eragileek parte hartuko dute.
"Zumetaren koloreak Euskal Herriaren kolore nagusietakoak"
Ekimenon bidez, Maiak nabarmendu duenez, "denon artean horma-irudi hau gozatzeko aukera zabaltzea, hori da gure funtzioa". Eta etorkizunera begira, "gure identitatearen, kulturaren, artearen eta gure adierazpen artistikoaren transmisioak iraun dezan, gutxienez beste 50 urte eta askoz ere gehiago".
Erabat bat datoz egitasmo hauek guztiak "650 Usurbil Bizi" proiektuarekin. Bere abiapuntuan, Maiak oroitu duenez, "hasi ginenean zer eskaini diezaiokeen Usurbilek Euskal Herriari eta Euskal Herritik kanpoko edonori" argi izan zuten segituan; "Zumetaren murala agertzen da lehen lerroan. Zumetaren koloreak Euskal Herriaren kolore nagusietakoak dira zalantzarik gabe eta gure identitatea islatzeko ezaugarririk identifikatiboenetakoak dira Zumetak utzi dizkigun forma eta kolore horiek, hainbat euskarrietan ezagutu ditugunak, hainbat diskoetan, margolanetan, irudietan...".
Modu horretan, "Euskal Herriaren identitatearen parte esentziala bihurtu da, Zumetaren forma eta kolore oro. Eta horietan altxorra baldin badago, eta gainera denon eskura, denon begien aurrean, hauxe da, Zumetaren murala. Bere dimentsioengatik, kolore eta forma leherketagatik Zumeta erraldoi bat du Usurbilek, hementxe, plaza honetan eta etortzen den guztiarentzat eskuragarri. Kolore eta forma leherketa erraldoi bat, hori pentsatu genuen haieratik denon eskura eta denon eskuragarri jarri behar genuela eta Usurbilgo mugak gainditu beharko lituzkeela, eta dagokion lekuan jarri Euskal Herriaren artelanen lehen lerroan eta erakusleiho nagusian. Horri begira egindako ekimena da Hormaren Mintzoa".