Zumetaren muralak 50 urte

"Euskal Herriko artelan publikoen mapan nabarmentzeko momentua da"

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 12a, 16:44

Zumetaren muralaren 50. urteurrenaren harira, abian diren zaharberritze lanekin batera, bi erakusketa antolatuko direla iragarri du Usurbilgo artistaren alaba Usoak, gaur egin duten aurkezpen ekitaldian.

"50 urte artelan publiko hau sortu zela, Euskal Herriko artelan publikoen mapan nabarmentzeko momentua da". Hala adierazi du Jose Luis Zumetaren alaba Usoak, atzean 50 urte bete dituen bere aitaren horma-irudia zuela, urteurren honi begira antolatu diren ekimenak aurkezteko gaur egin duten ekitaldian.

Nabarmentzeko egitasmo ezberdinak abiaraziko ditu Zumeta Arte Estudioak eta Usurbilgo Udalak. Bat, dagoeneko begi bistan duzuena, zaharberritze lanak. "50 urteren ostean agerikoa da murala oso ondo dagoela, baina urteurren honek mural honek dituen zauriak sendatzeko aukera emango digu. Ea gai garen denon artean zaintzeko, beste 50 urte iraun dezan".

Bi erakusketa
Honi lotuta, apirilaren 28tik maiatzaren 15era Sutegin muralaren sortze prozesua azalduko duen erakusketa iragarri du Usoak. "Muralaren prozesu osoa iruditan ikusteko aukera izango dugu. Izan ere, Antton Elizegiren argazkiak prozesu horren testigantza ezinhobeak dira. Horrez gain, besteak beste, garaiko dokumentazioa, publikazioak..." ere ikusgai izango ditugu. 2017an artista usurbildarrari eginiko elkarrizketa ere entzuteko aukera izango da. Eta adi, "muralaren jatorrizko bozetoa, olio bat, estreinakoz ikusteko aukera izan dut eta altxor hori ere hemen izango da apirilean".

Bigarren erakusketa bat ere antolatzekotan dira, honako hau udazken partean; irailaren 29tik urriaren 15era. "Zumetak Usurbilekin izandako harremana uztartuko du, zentzu plastiko batean. Izan ere, aitaren artelanen artxiboa osatze horretan konturatu nintzen artelan askok egiten diotela erreferentzia Usurbili zuzen-zuzenean".

Bi ekimenon bidez, Usoak azaldu duenez, "parada emango digute Zumetaren abstrakziotik figuraziorako bidea aztertzeko". Erakusketa hauek "bi urteko ikerketaren ondorioz bildutako hainbat argazki, dokumentu eta artelanek osatuko dute". Denbora tarte honetan bidelagunak batu zaizkio, Udala eta Foru Aldundia eta "proiektu honen dimentsioa handituz joan da", bistan denez.