Zumetaren muralak 50 urte

Zumetaren frontoiko artelanaren mende erdia omentzen hasteko prest

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 12a, 17:03

Jose Luis Zumetak Udalaren eskariz 1973an frontoi atzealdean sortutako horma-irudiak 50 urte beteko ditu aurten. Urtemuga berezi honi begirako ekitaldi zikloa aurkeztu dute gaur muralaren parean.

Gaurkoaren ostean, orain bai, Jose Luis Zumetak duela 50 urte sortutako frontoi atzealdeko horma-irudiaren urtemuga ekimenetan murgilduak gaude. Igande honetan artelan horren parean Mikel Laboa plazan egin duten aurkezpen ekitaldia, datorren hitzordu zikloaren abiapuntua izan da. "Zumetaren muralaren 50. urteurrena, ez genuen oharkabean pasatzerik nahi", adierazi du agerraldi publiko honen hasieran Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak. 

Antolatu dituzten ekimenen bidez, Zumetaren muralak "Euskal Herriko artelan esanguratsuenen artean leku propioa izatea nahiko genuke". Horretarako arrazoirik ez baita falta. "Horma-irudi hau arrazoi askorengatik Usurbilgo herriaren erakusleiho eta altxor nagusietakoa da gaur egun, Usurbilgo irudirik ikonikoenetariko bat, eta nola ez, irudi ikusgarrienetariko bat. Urteurrenaren antolakuntzan, eskuz esku aritu gara Zumeta Arte Estudioarekin, Usoa Zumetarekin eta "650 Usurbil Bizi" proiektuaren dinamizatzaile lanetan aritu den Jon Maiarekin. Egitarau mardula antolatu dugulakoan nago".

Ekimenetako bat, begi-bistan dugun moduan, abian da. "Ikusten duzuenez, muralaren kontserbazio lanei ekin diegu. 50 urtean ez da halakorik egin eta denboraren iragatea nabaria da artelanean, kalean kokatzen den obra bat den heinean. Ártyco enpresa ari da zeregin horretan". Gipuzkoako Foru Aldundiak lanok diruz lagunduko ditu.

"Binomio banaezina"
Muralak eta bere egileak herri honekin izan duten hartueman estua goraipatu du Solaberrietak. "Ezin da Usurbil ulertu Zumetarik gabe, Jose Luis Zumetak eta Usurbilek binomio banaezina osatu dutelako. Sinbiosi sakona izan dugu betidanik". 

2020ko apirilean zendu zen artista, "1939an Txokoalde auzoan jaioa, gertuko pertsona izan da Jose Luis. Nahiago izaten zuen jendetzatik aparte ibili, harrabots handirik gabe, bere erritmoan, bere estiloan. Bere apalean ordea, arrasto itzela utzi du han eta hemen, Euskal Herrian eta mundu zabalean, eta zer esanik ez Usurbilen, gure herriaren izaerari arnasa emateraino. Zumetaren mundu artistikoa osagai ezinbestekoa da gure herri iruditerian, bere obra izengabeek Usurbilgo eta usurbildarren bihotza okupatu dute. Bat aipatu behar bada, hauxe da, atzean dugun horma-irudi edo murala eta aurrean dugun Mikel Laboa plaza".

Udalbatzak 1972. urte amaieran hala erabaki ostean, Udalaren enkarguz sortu zuen artelan hau 1973-74 urte artean. "Txalotzekoa da ezbairik gabe orduko udalbatzak, frankismoaren urte gogorrenetan euskal artearen eta euskal kulturaren alde egindako apustu hura, bai orduko Udalak, orduko herritarrek, eta orohar, Usurbilgo herriak. Izan ere, hamarkada haietan Euskal Herrian izan den kultura eztandaren plaza eta lekuko izan zen gure herria. Azpimarratzekoa da Usurbilek, Ez Dok Amairu euskal kulturaren berpizkundea bideratu zuen mugimenduarekin izan zuen lotura. Herriko bi seme, Artze anaiak, mugimendu horren parte izan ziren eta partaide gehiagok ere bere arrastoa utzi dute Usurbilen, Mikel Laboak eta Remigio Mendiburuk kasu. Artea ez ezik, historia ere gordetzen dute gure herriko kale eta txokoek. Ez dut uste kasualitatea denik ere Rikardo Arregik, Udarregi bertsolariaren omenaldiaren karietara gure herrian egin izana euskara batua eta euskal estatu baten aldeko hitzaldia, plaza jendez lepo zegoela frankismo urte gordinenetan, 1966an".

"Euskal kultura arnasten da gure kaleetan"
Horren guztiaren isla dugu egun, herria bera. "Usurbil, museo ireki bat da", nabarmendu du alkateak. "Usurbilek euskal sorkuntzarekin izan duen eta gaur egun duen harreman eta konpromisoa erakusten dute gure kaleek. Euskal kultura arnasten da gure kaleetan".

Bideratzen hasi diren "650 Usurbil Bizi" egitasmoarekin ere hau guztia balioan jarri nahi dutela azpimarratu du alkateak. "Usurbilek duen identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza bat proposatzen du, "650 Usurbil Bizi" proiektuak eta ondorioz, horrekiko interesa duen bisitaria bilatu nahi dugu; alegia, turismo identitario, eraldatzaile eta aktiboa sustatu nahi dugu, egungo turismo estandarretatik eta kanonetatik at".

Zumetaren muralaren 50. urtemugako ekitaldiak
Otsaila hasieratik...
Abian dira muralaren zaharberritze lanak. Bi hilabete iraungo dute.

Urtean zehar...
"Hormaren mintzoa". Bideo pieza artistikoen grabaketa Euskal Herrian ezagunak diren sortzaileekin.

Apirilaren 28tik maiatzaren 15era
Muralaren sortze prozesua azalduko duen erakusketa Sutegin.

Udan
Zumetaren horma-irudiaren parean, murala bera protagonista nagusia izango duen jaialdia herriko sortzaile eta kultur eragileekin.

Irailaren 29tik urriaren 15era
Jose Luis Zumetaren eta Usurbilen arteko harremana aztertuko duen erakusketa Usurbilen.

Antolatzaileak: Zumeta Arte Estudioa eta Usurbilgo Udala.
Laguntzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia.