"PoZcast" berria

Barreaz "Harpa Jotzen"

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 13a, 08:51

Barrea hizpide hartuta estreinatu du Idoia Torregarai herrikideak eta Mirari Martiarenak "Harpa Jotzen" EITB-ren "poZcast" berria.

"Harpa Jotzen" hasiak dira, eta ez da txantxa. Idoia Torregarai herrikidearen eta Mirari Martiarena oiartzuarraren EITB-ren "poZcast" berria estreinatu dute gaur. Umoretik nola ez, eguneroko bizimoduko gaiez ariko dira. Bi astean behin atal bat zintzilikatuko dute "EITB Podkast" sailean. Estreinakoan, "barrea" izan dute hizpide. "Zer nahiago dute, sexua edo barrea? Zenbat barre mota daude? Barre desegokirik badago?", galdera hauei buruz hausnartu dute Torregaraik eta Martiarenak. Gai berari tiraka, Bea Egizabal umoregilea gonbidatu dute saioaren bigarren zatira.

Aurpegi ezagunak
Hurrengo atala beraz, otsailaren 27an. "PozCast" gisa definitu dute proiektu hau egileek. "Alaitasun eta POZarentzat txoko bat" izango da eta "Harpa Jotzen". Datozen saioetan, "Jon Plazaola, Lorea Agirre, Manu Etxezortu, Iñigo Antsorregi, Aitziber Garmendia, Ana Galarraga eta Joxe Rojas" izango dira Torregarai eta Martiarena "harpa-jotzaileen galdera gaiztoen biktimak". 

"POZkast" honen zuzendari eta gidoigileak izango dira Idoia eta Mirari, "soinu-zuzendaritza, musika eta grabaketaren ardura Iñigo Etxarrirena da; eta ekoizpena eta koordinazioa, berriz, Hiru Damatxoren esku dago. Unai Gaztelumendik sinatzen du irudia". Bi astean behin saio berri bat. 

Umorean euskaraz eragiten duten albiste honetako bi protagonistak aspaldiko bidelagunak dira kontuotan; hor dago, besteak beste, "Luze edo motz" Euskal Herrian barrena herriz herri bidaiatzea ahalbidetu dien emanaldia.