Baso-sute arrisku "nahiko handia" egunotan

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 13a, 08:00

"Hegoaldeko haizearen indarragatik eta lurraren lehortasunagatik" baso-suteren bat izateko arrisku nahiko handia dagoela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Sute arriskuaz ohartarazi du egunotarako Euskalmet meteorologia agentziak. Abisu horia ezarri du geure inguruan, "baso-sute arriskuagatik". Halakorik izateko nahiko arrisku handia dagoela jakinarazi du, "hegoaldeko haizearen indarragatik eta lurraren lehortasunagatik". Abisu hori hau astelehen iluntzeko 21:00etan hasi eta asteazken goizeko 9:00ak arte izango da indarrean.

Egun eguzkitsuak biziko ditugu eta haizeak bizi samar joko du. Baldintza hauekin, gaur Usurbilen, "zerua oskarbi egongo da. Hego/hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da bolada gogorrekin; gauean indarra hartuko du. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez". Antzeko giroa bihar. Astearte honetan, "zerua erdi mailako hodei eta goi-hodeien tarteekin egongo da, bereziki egunaren bigarren partean. Hego/hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira eta maximoetan aldaketarik ez".

Asteazken goizetik aurrera, haizeak indarra galduko du. "Zerua tarteka hodeitsu egongo da erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin; egunaren bigarren partean hodeiak gutxituz joango dira. Hego/hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin, bereziki goizaldean; goizean haizeak indarra galduko du. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira..."

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus