Inauteriak

Ikastetxeak ere mozorro festarako prest

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 15a, 08:37

Hiru urteren ostean ohiko formatuan ospatu ahal izango dituzte inauteriak Udarregi ikastolan eta Aginaga zein Zubietako eskoletan.

Orain bai, inauterien astean gara! Hiru urteren ostean gainera, guztiz ohiko moduan ospatu ahal izango dituzte, bereziki ikastetxeetan. Udarregi ikastolan eta Aginaga zein Zubietako eskoletan ostiralerako iragarri dituzte jaialdiak. Aginagan eguerdi partean emanaldia eskainiko dute ikasleek. Zubietan, bazkalostean desfilatuko dute mozorrotuta auzoan barrena.

Udarregi ikastolaren kasuan, aurtengoan ere zikloka banatuko dute emanaldien egitaraua. HH, LH eta DBH-koek ikuskizun bana eskainiko dute. Eta tartean, kalejira bat ere bai. HH-koak izango dira goiztiarrenak; Mikel Laboa plazan eskainiko duten emanaldiarekin. Segidan, DBH eta LHko ikasleek herrian barrena desfilatuko dute. Amaieran, DBH-koak Oiardo Kiroldegian emanaldia eskainiko dute; LH-koek bazkalostean, hauek ere ikastola ondoko kirol instalakuntzetan.

Adi, Oiardoko bi emanaldi hauei begira ikastolatik plazaratu dituzten jakinarazpenei. Bi saio hauetarako, zelai pareko arrapalatik sartu beharko dira. DBH-koen kasuan sarrera librea izango da, baina LH-koen emanaldirako ikasle bakoitzari txartel bat emango zaio. Soberan daudenak udarregi.eus bidez eskuratu beharko dira, eta egunean bertan jaso 12:30-14:30 artean ikastolako idazkaritzan.


Inauteriak ikastetxeetan
Otsailak 17, ostirala
Aginagako eskola
12:00
Inauterietako emanaldia.

Zubietako Eskola
15:30
Desfilea eskolatik abiatuta; Alamandegin, Barazarren eta plazan geldialdiak.

Udarregi Ikastola
10:30
HHkoen dantza saioa Mikel Laboa plazan.
11:00 DBHko eta LHko ikasleen desfilea kaleetan zehar.
11:45 DBHkoen dantza ikuskizuna Kiroldegian.
15:00 LHkoen dantza ikuskizuna Kiroldegian.
Kiroldegiko emanaldietarako oharrak:
-Ikus-entzuleak zelai ondoko arrapalatik sartuko dira.
-DBHko ikuskizunerako sarrera librea izango da.
-LHko ikuskizunerako ikasle bakoitzari txartel bat emango zaio. Soberan daudenak udarregi.eus bidez eskuratu beharko dira, eta egunean bertan jaso 12:30-14:30 artean ikastolako idazkaritzan.