Urtarrileko osoko bilkuran udalbatzak hartutako erabaki bat argitara eman du Usurbilgo Udalak astearte honetako, otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO).
Izatez hiru hilabetez, urtarrilaren 31ra arte jendaurrean jartzea onartua zuen Usurbilgo Udalak Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO). Azkenean ordea beste hilabete batez, otsailaren 28ra arte zabalik segiko du alegazioak aurkezteko epeak. Hala onartu zuen udalbatzak aho batez urtarrilaren 26ean egin zuten osoko bilkuran. Eta hala jakinarazi du gaurko GAO-k: "Usurbilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, ingurumen-azterketa estrategikoa eta proiektatutako antolamenduak indarrean dagoena aldatzen duen eremuen mugaketaren laburpen exekutiboa jendaurrean jartzeko epea 2023ko otsailaren 28ra arte luzatzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, ohiko egunkarietan eta udalaren egoitza elektronikoan iragarkia argitaratuz, interesatuek hala baderitzote dagokien alegazioak aurkeztu ditzaten".
Alegazioak aurkezteko denbora gehiago
Udal gobernu taldearen esanetan, luzapen honek ez du HAPOren tramitazioan atzerapenik eragingo, oraindik beste administrazioen hainbat txosten jasotzeke dituzte eta. Hala, alegazioak aurkezteko aukera gehiago eskaini nahi dizkiote jendarteari, eta hartara, planeamenduaren irizpideetako bat sustatuko dute, herritarren parte hartzearena.
Ekarpenak biltzeko hain zuzen, 2014az geroztik parte hartze prozesu ezberdinen bidez, herritar eta eragileekin marrazturiko Usurbilgo etorkizuna definitzen duen HAPOa urriko udalbatzarrean hasieraz onartu ostean, gizarteratzen aritu da Udala hilabeteotan Aginagan, Kaxkoan eta Zubietan antolatu dituen hitzaldi ziklo eta erakusketa ibiltariaren bidez. Gogoan izan bestalde, planeamenduaren baitan aurreikusten diren ekintzen berri ematen duen aldizkaria banatu zutela etxez etxe. Udal arkitektuarekin egoteko aurrez hitzordua eskatzeko (943 371 951) aukera ere eskaintzen ari da Udala.