Aipatu plantak baimendutako kutsadura muga bi mila aldiz gainditu zuela ohartarazi du 2020an, probaldi fasean egon zen lau hilabeteko tartean. Horrez gain, "erregistroen datuen ikerketari erreparatuta, gehiegizko kutsadura gainditu den kasuetan ere labeak hondakinez hornitzen jarraitu izan dutela, nahiz eta araudiak ezarri prozesu hori geratu egin behar dela" ondorioztatu du aipatu ikerketa taldearen azterlanak.
"Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak berak onartu zuen horixe bera Eusko
Legebiltzarrean pasa den azaroan. Esan zuenez, Zubietako erraustegiak ez ditu betetzen
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Bateratuak eskatzen dituen baldintza guztiak, besteak
beste, errauste-plantan gehiegizko isuriak daudenean, ez dago erretzea automatikoki geratzen
duen sistemarik", alkateak oroitarazi duenez.
"Gure herritarren osasunaz eta ingurumenaz ari gara hizketan"
Egoera honen aurrean, Agurtzane Solaberrieta Mesak erraustegiari buruzko "ikerketa, sakon, publiko eta demokratikoa" abiaraztea galdegin du. “Oso kezkagarria eta mingarria zaigu gertatzen ari den guztia. Gure herritarren osasunaz eta ingurumenaz ari gara hizketan, eta errauste-planta eragiten ari den kalteak oso larriak dira. Osasunaz ari garela, arrisku hutsak aski behar luke administrazio publiko ororentzat, arduraren eta prebentzioaren printzipioa aplikatzeko beste ezeren aurretik, eta ikerketa sakon, publiko eta demokratiko bat martxan jartzeko”, ohartarazi du Usurbilgo alkateak.
Are gehiago, Zubietako plantaren bueltan kutsadura hazten doala jakinda, ToxicoWatch fundazio holandarrak egindako azterlanak agerian utzi duten moduan. "ToxicoWatch fundazio herbeheretarrak dioxina kopuru altuak aurkitu zituen erraustegiaren ondoan bildutako goroldioetan eta oilategietako arraultzetan; aurkitutako dioxina motak Europako beste erraustegien inguruetan aurkitutako berberak dira. Datu horiek 2021ekoak dira; herri-mugimenduak eskatuta egin zuen azterketa ToxicoWatch-ek, eta Usurbilgo Udalak diruz lagundu zuen".
Arkaitzerrekan ere iazko uztailean filtrazioak izan ziren. Udalak ur laginak hartu zituen. "Uretan kloruro, amonio, konduktibitate eta DQO mailak ez zirela ohikoak, oso altuak zirela. Tamalez, azterlan guztiek erakusten dute gehiegizko kutsadura sortzen ari dela, eta hori nahikoa ez, eta funtzionamendu arazo larriak izaten ari da errauste-planta. Are gehiago, Zubietako instalazioek ez dauzkate legeak eskatzen duen kutsaduraren kontrol automatikorik”.
Egoera honen aurrean, Zubietako plantaren gertatzen ari denarekiko erantzunkizuna duten GHK, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren isiltasuna salatu du alkateak eta gai honekiko dagoen gardentasun eta informazio falta. “Opakotasuna erabatekoa da. Behin baino gehiagotan eskatu eta exijitu izan ditugu argibideak errauste-plantaren funtzionamenduaz, kontrol mekanismoez, baina argibide horiek ez dira iristen: ostrukaren politika da nagusi, eta herritarren osasunaz eta gure herriaren ingurumenaz ari garelarik, ez da onargarria”.
Herritar eta eragileen parte hartzea ahalbidetuko duen kontrol publikoa bermatzea eskatu die alkateak. “Hondakinen egungo kudeaketa neoliberal honek horixe ahalbidetzen du, eta urgentziazkoa da gestio publikoranzko trantsizioa egiten hastea, hondakinak kudeatzeko eskumena publikoa denez”. Horrekin batera, "errauste-plantaren gaineko ikuskaritzak eta kontrolak sistematizatu eta zorrozteko" galdegin du Solaberrietak, "Europatik markatutako direktibak eta neurtutako mugak zorrotz aplikatuz, eta, hala dagokionean, isunak ez jartzeko, berriz ez errepikatzeko neurri zuzentzaileak hartzearekin batera".