Usurbildik igaroko da Itzulia, apirilaren 5ean

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 15a, 09:49

Antolakuntzak 2023ko Itzuliko etapen ibilbidea ezagutarazi du. Apirilaren 5ekoak Usurbil zeharkatuko du.

Jendaurrean aurkeztu berri du antolakuntzak, Euskal Herriko Itzuliaren ibilbide osoa. Apirilaren 3tik 8ra lehiatuko dira txirrindulariak, sei etapa osatu beharko dituzte. Haietako batek, Usurbil eta Aginaga zeharkatuko ditu, ohi bezala, N-634 errepidetik barrena. Apirilaren 5ean izango da; hau da, Itzuliaren 3. etapan. Errenterian hasi eta Amasa-Villabonan amaituko da, 153,9 kilometroko ibilbidea izango du. Txirrindulariak Errenteriatik Donostiarantz abiatuko dira eta handik helduko dira Txikierdi aldera, aipatu moduan, udalerri hau alderik alde zeharkatzen duen errepidetik barrena. Aginagatik gero, Urola Kosta aldera joko dute. 

Itzuliko etapak:
-Apirilak 3: Gasteiz-Labastida, 165,4 km.
-Apirilak 4: Viana-Leitza, 193,8 km.
-Apirilak 5: Errenteria-Amasa-Villabona, 153,9 km.
-Apirilak 6: Santurtzi-Santurtzi, 175,7 km.
-Apirilak 7: Amorebieta-Etxano-Amorebieta-Etxano, 165,9 km.
-Apirilak 8: Eibar-Eibar, 137,8 km.

Informazio gehiago hemen: itzulia.eus

2023ko Tourra, gertutik
Frantziako Tourraren 110. edizioa estreinakoz Euskal Herritik abiatuko da bestalde aurten. Hala, 2023ko Tourreko lehen etaparen 185 kilometroko ibilbideak Bizkaiko hiriburua, Bilbo izango du abiapuntua eta helmuga. Uztailaren 2ko bigarren etapak Gasteiz eta Donostia lotuko ditu. 210 kilometroko ibilbideak Gipuzkoa hegoaldetik iparraldera zeharkatuko du, tartean Buruntzaldeko udalerri gehienak, Andoain, Urnieta, Hernani eta Astigarraga inguruak. 

Eta biharamuneko, hau da uztailaren 3ko hirugarren etapa Amorebietan hasi eta Baionan amaituko da. Kasu honetan, Gipuzkoa mendebaldetik ekialdera zeharkatuko dute txirrindulariek, tartean Usurbil ondotik igaroko dira. Oriotik Donostiara joango dira Mendizorrotzetik Igeldo zeharkatu ostean.