#M8

Martxoaren 4ko bertso-bazkarirako txartelak gaurtik eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 15a, 10:00

Emakumeen Etxeari lotutako asanblada irekiaren ostean egingo dute Martxoaren 8ari begirako bertso-bazkaria Artzabalen. Txartelak gaurtik aurrera eskuratu ahalko dira.

Kalezarko Pelaioenean egoitza izango duen Emakumeen Etxeko talde sustatzaileak egitasmo honi buruzko asanblada irekia deitu du martxoaren 4rako eta bertso-bazkaria segidan Artzabalen. Otordurako txartelak salgai jarri dituela ohartarazi dute. Horrekin batera, argitu nahi dutenez, egun horretako ekintza bakoitzean parte hartzeko, izena eman beharko da. Bestela esanda, hitzordu bakoitzak bere izen-emate propioa izango du.

Martxoak 4, larunbata
12:00 Emakumeen Etxeari lotutako asanblada irekia Potxoenean.
Izen-ematea aurrez, bideotatik:
943 377 110
parekidetasuna1@usurbil.eus
Segidan, bertso-bazkaria Artzabalen. Parte hartzaileak: Maialen Lujanbio, Jone Uria eta Saioa Alkaiza. Gai-jartzailea: Amaia Agirre.
Sarrera: Artzabalen eta Usurbilgo Udalaren Parekidetasun Sailaren bulegoan eskuragarri 22 eurotan, 15 eurotan ikasle, langabetu eta jubilatuentzat.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.

Irekierara begira
Kalezarko Pelaioenean kokatuko den Emakumeen Etxeko talde sustatzaileak, irekierara begira egitasmoa ahalik eta emakume gehienengana heltzeko deitu du aipatu martxoaren 4ko asanblada irekia. “Azken hilabeteetan, Pelaioenea barrutik eraikitzeko obrak martxan, proiektuaren inguruko lanketa zehatzagoa egiten aritu da talde sustatzailea, Elhuyarren laguntzarekin: etxeak emango dituen zerbitzuak, egin daitezkeen ekitaldi eta ikastaroak eta abar. Horien guztien berri emango dute martxoaren 4ko asanbladan. Obraren egoerak ahalbidetzen badu, eraikina barrutik ikusteko aukera ere izango da egun horretan”.

Talde sustatzailetik hitzorduotan parte hartzeko deia egin dute, "martxoaren 4ko asanblada irekian proiektua partekatu, eta batera bazkaltzen joatekoa. Elkarrekin goza dezagun, elkar ezagutu eta sarea josten hasi gaitezen!".

Beste herrietako esperientziak ezagutzen izan da azken aldian talde sustatzailea. "Iaz, Errenteriako Emakumeen Etxea eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista ezagutu ondotik, iragan astean Astigarragako Emakumeen Etxean izan zen Usurbilgo Emakumeen Etxeko talde sustatzailea. Biztanleria kontuan izanda, parekoagoak dira Astigarraga eta Usurbil, eta, beraz, Emakumeen Etxea sortzeko hango esperientziak gertutasun eta antzekotasun gehiago izan ditzakeelakoan egin dute bisita".