Duo Jade gaur, Artzabalgo Kulturpotean

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 16a, 08:19

Kubako doinuak ekarriko dizkigu taldeak Artzabalgo osteguneroko Kulturpotera.

Kubako soinu eta erritmoak gaur, ostegunero Artzabal antolatzen ari den Kulturpotea ekimenaren baitan. Duo Jade bikoteak girotuko ditu eguneko azken orduak, 19:00etan hasita. Bikotea Yanaysa Prietok (konposatzailea eta kantaria) eta Maygred Bourricaudyk (kitarra jolea eta bigarren ahotsa) osatzen dute. Taldea ezaguna dugu herrian, lehendik zenbait emanaldi eskainitakoak dira; besteak beste, herriko jaietan. Musika genero eta estilo ezberdinak jorratzen ditu bikoteak. 

Udaberrira arte
Hirugarren emanaldia dute gaurko Kulturpotekoa, 12 astez luzatu asmo dute ekimen ziklo hau Artzabalgoek. "12 astez gonbidatuak izango ditugu ostegunetan", iragarria dute. Udan halere jarraipena eman asmo diote. "Ekimen berarekin jarraitzea dugu buruan, baina musikariak eta bakarrizketa proposatu beharrean, DJak jartzea da gure asmoa. Oraingoz hiru hilabeteko formatu hau egingo dugu nola funtzionatzen duen ikusteko. Guk Artzabalen kontzertuak egin izan ditugu, baina 2012-2013an izan ziren haiek. Oso egun seinalatuetan egin genituen, eta beraz, ezin dugu esperientzia harekin konparatu. Oso modu esperimentalean hasiko gara. Pintxopotea musikarekin oso ondo uztartzen dela iruditzen zaigu eta proba egingo dugu".