Inauteriak

Orbeldi Dantza Taldea: “Aurtengo Inauterietan Adunako Axeri dantzari helduko diogu”

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 16a, 12:34

 

Inauterietan, urtero legez, Orbeldi Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du frontoian Inauteri jaien bezperan. Aurtengoan Adunako Axeri dantza egingo dute Zumarte Musika Eskolakoek lagunduta. Larunbat goizean, berriz, frontoian dantza egiteko aukera eskainiko dute haiekin batera.

NOAUA! Adunako Axeri dantza eskaintzekoak zarete aurtengo Inauterietan, zer dela eta?
Orbeldi Dantza Taldea: Urtero Inauterietako dantzak hautatzen ditugu. Iaz Uztaritzeko Inauteriak hartu genuen gaitzat eta aurten Gipuzkoako ohituretan geratuko gara eta Adunako Axeri dantzari helduko diogu. Hiru Axeri dantza desberdin daude: Hernani, Andoain eta Adunakoa. Aduna eta Andoaingoak nahiko antzekoak dira, baina Hernanin beste modu batera egiten dute; azken horrek dantzatik askoz gutxiago dauka. Adunako estiloa aukeratu dugu kasu honetan. Inauteriak baino astebete edo bi aste lehenago egiten dute Adunan Axeri dantza. Adunan baserriz baserri joaten dira kalejiran eta Andoainen emanaldia egiten dute. Guk baserrietara joan beharrean, herriko kaleak hartuko ditugu. Amaieran, ekitaldia egingo dugu frontoian. 6 dantza izango dira.

Zumarte Musika Eskolako musikariak izango dituzue lagun ibilbidean eta ekitaldian.
Bai, Zumarte Musika Eskolako irakasleak arduratuko dira musika jartzeaz. 12 bat irakasle izango ditugu gurekin eta haiek dantzen melodiak moldatzeaz arduratu dira eta ostiralean gurekin arituko dira.

Orbeldi Dantza Taldeko txikiek ere parte hartuko dute ostiraleko saioan edo helduak bakarrik igoko zarete oholtzara?
Helduak aterako gara. Helduen hiru talde ditugu egun taldean, baina horietako bi aterako dira Inauterietan. 25 dantzari inguru izango gara, hala ere. Adin talde askotako jendea elkartuko gara, 16 bat urtetik hasi eta 50 bat urte bitarteko dantzariak izango ditugu. Taldean orain joan zen urteetan baino jende gehiago gaude, pandemiaren jipoia nabaritu genuen, baina orain berriz ere jendea gogoz guregana inguratzen hasi da. Jende dezente bueltatu da taldera eta berriak ere sartu zaizkigu.

 

“Plazaratzen ditugun jantzi gehienak gureak dira”


NOAUA! Azken urteetan leku askotako dantzak egin dituzue herrian eta jantzi pila bat plazaratu dituzue. Nondik ateratzen dituzue horrenbeste jantzi ezberdin?
Orbeldi Dantza Taldea:
Kapitain bat egongo da dantza honetan, eta Adunan zahagia eramaten badute ere guk gerriko gorri bat erabiliko dugu. Gainontzekoek blusa gorri bat eramango dute, mahoizko galtzak, alpargatak eta buruan koloretako zapi bat. Orbeldin jantzi pila bat dauzkagu gure biltokian. Garai batean Lasarten dantza talde bat bazen, duela 20 bat urte edo, Orbeldi oraindik existitzen ez zen garaian. Usurbilen bazuten talde hartako ezagunen bat eta haien jantzi guztiak herriko dantza taldearen lokalean jaso zituzten. Usurbildarrek hartu izan ez balituzte bota egin beharko zituzten lasartearrek. Azken bost edo sei urtetan, Orbeldin jostun talde bat daukagu aipatutako jantziak txukuntzeko, aldatzeko eta berritzeko. Ateratzen ditugun jantzi gehienak gureak dira. Batzuetan, Inauterietako Axeri dantza kasu, jende asko ateratzen gara eta ez dauzkagu horrenbeste jantzi.

Beraz, beste dantza talde batzuei eskatu behar izaten dizkiegu traje batzuk. Dantzak jatorrizkoen ahalik eta antzekoenak egiten saiatzen gara, eta horrekin batera, jantziak ere berdinak izaten saiatzen gara. Gipuzkoako dantzak egin eta Bizkaiko trajearekin ateratzeak ez du zentzurik, dena lotuta dago eta koherente izaten saiatzen gara.

“Helburua ez da soilik dantzak erakustea, baizik eta hurbildutako jendeak ere parte hartzea”


NOAUA! Larunbat goizerako deialdia luzatu duzue frontoian mozorrotuta dantza egiteko. Zein da ideia?
Orbeldi Dantza Taldea: Ostiraleko emanaldia helduekin egiten dugu eta larunbatekoa, aldiz, gazte eta umeei zuzendutakoa izaten da. Taldean gehiegi gara denok batera zerbait egiteko, eta horregatik, bi egunetan banatzen dugu. Duela hiru urte edo, zerbait egiten hasi ginen umeekin. Dantza batzuk sortzen genituen eta gero, plazan erakusten genituen. Aurten zerbait ludikoagoa egiten saiatuko gara. Orbeldiko haurrekin jokoak egingo ditugu herrian zehar eta gero, 12:30ean frontoian, joko horien bidez sortutako dantzak aurkeztuko ditugu. Helburua ez da soilik dantzak erakustea, baizik eta hurbildutako jendeak ere parte hartzea. Norbaitek dantzaren bat prestatuko balu edo musika ekarri edo dena delakoa, prest egongo ginateke denok batera dantzatzeko.

Tradizionalki Inauteriak eta dantza lotuta daude, hau da, duela hainbat urte Inauterietan dantza egitea tradizioa zen?
Bai. Ohitura ezberdinak daude eta herri edo zonalde bakoitzean aldatu egiten da. Baserriz baserri eskean ibiltzen ziren leku askotan hemen Santixabeletan oilasko biltzaileak izaten diren bezala. Lanzen edo maskaradetan egiten dena ere oso antzeko kontua da. Herriz herri joaten dira leku horietan eta jaten zein edaten ematen diete, eta arratsaldean ikuskizuna egiten dute. Leku guztietan dago abestia, dantza eta antzerkia uztartzen dituen tradizioren bat. Inauteriak jai giroko ohiturak dira eta beraz, elementu horiek festa giroa sortzen dute.

Herri askotan egiten dira Inauteriak eta leku batzuetan beste batzuetan baino pisu gehiago badu ere, dantza tartean izaten da. Usurbilen ez geneukan dantzari lotutako ohiturarik, mozorrotu eta kalera ateratzea zen tradizioa. Orbeldin duela urte batzuk hausnarketa egin genuen gai honi buruz eta zerbait propioa sortzea pentsatu genuen. Inguruan ditugun Inauterietako dantzak ekartzea erabaki genuen eta badira urte batzuk hori egiten dugula. Egunen batean gustatuko litzaiguke herriko eragileen artean zerbait sortzea gurea izango dena, zerbait berezia. Dantzaren bidez euskal kultura plazaratzea da gure dantza taldearen helburu nagusia eta Inauteriek ere badituzte dantzak leku askotan.

Orbeldirekin dantzan
Otsailak 17, ostirala
Orbeldirekin, Axeri dantza
19:00 Orbeldi dantza taldea eta Zumarte musika eskolarekin, kiroldegitik abiatuta.
20:00 Emanaldia frontoian.

Otsailak 18, larunbata
Inauteri Festa
12:30 Orbeldirekin dantzaldia frontoian.