Inauteriak

“Joaldun mota ezberdinak daude munduan barrena, baina denak basoko animaliei lotuta daude”

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 16a, 11:08

Inauteriak gainean ditugu eta asteburuan herria zinema erraldoi bihurtuko da. Eguerdian, joaldunak aterako dira zintzarri soinuekin herriari Inauteri giro gehiago ematera. Joaldun taldeko Jokin Eizagirrerekin, herrian Txitxo modura ezagutuko dute askok, izan da NOAUA! joaldunen eta Inauterien tradizioaz gehiago ezagutzeko.

NOAUA! Joaldunak Inauteri Festan aterako zarete larunbat eguerdian. Euskal Herriko Inauterien tradizioan funtsezko elementu dira. Zein da pertsonaia hauen funtzioa?
Jokin Eizagirre (Txitxo):
Inork ez daki ziur pertsonaia hauen jatorria zein den. Batzuk esaten dute sorginak uxatzea zela euren helburua, beste batzuk lurra esnatzeko. Hala ere, benetan ez dakigu zergatik eta non sortu ziren edo ez dago, behintzat, teoria tinko bat. Inauteriak eta joareak mendikateen inguruetan antolatutako Europako hainbat herritan daude: Asturiasen, Pirinioetan, Italian, Suitzan... Joaldun mota ezberdinak daude, baina denek badute zerbait amankomunean, denak basoko animaliei lotuta daude: hartza, oreina, otsoa, azeria... animalia hauek lotura zuzena dute. Nik ikusten dut halako logika bat urte sasoi honi eta animalia hauei lotuta. Herri hauek menditik gertu daude eta joareek inguruan dituzten animalien larrua janzten dute dela ahuntzarena, dela ardiarena. Harrapatu duten animalia presa modura zintzilik eramaten dute hartza, otsoa edo dena delakoa. Nik elementu hauen artean lotura bat ikusten dut. Piztiek ardiak, ahuntzak, behiak edota abereak jaten zizkieten biztanleei. Beraz, biztanleek abereak bezala jantzita eta joarea jarrita izugarrizko zarata eginda uxatu nahi zituzten. Abereen larruarekin jantzita haien usaina eta itxura hartzen zituzten, eta hala beldurtu. Europako hainbat txokotan daude joare hauek eta denak oso antzekoak dira. Batzuek joaren handiagoak dituzte besteek baino, baina taldean elkartzen dira soinua egiteko. Italian “momotonis” izena dute, Suitzan kanpaia handi batzuekin desfileak egiten dituzte eta Kantabrian korrika ibiltzen dira mozorroa jarrita. Inauteriekin lotura dute denek eta elementu asko partekatzen dituzte zuntzurrua, oilarraren isatsa, zaldia eta ardia biltzen dituzte jantziek. Duela gutxi arte animalia ehizatu berriak zintzilik jartzen zituzten Zubieta eta Iturenen. Gerora hori debekatu egin dute edo jendeak kexa agertu du eta desagertu egin da. Aitzinatik gordetako ohiturak dira nolabait. Nik lotura edo logikotasun hori ikusten diot.



“Hasieran kosta egin zitzaigun ikastea eta martxa hartzea”

NOAUA! Badira urte batzuk joaldun taldetxoa osatu zenutela herrian. Nolatan bururatu zitzaizuen horretan hastea? 

Jokin Eizagirre (Txitxo): Bost bat urte izango dira. Hasieran asko kosta zitzaigun ikastea eta martxa hartzea. Duela urte batzuk Usurbilgo Inauterietako gaia “Euskal Herriko pertsona ezagunak” izan zen, 2018an, hain zuzen. Orduan erabaki genuen mozorro bikaina izan zitekeela joaldunez mozorrotzea. Ezagun batek Zumaian joaldun talde bat bazela esan zidan. Haiekin harremanetan jarri ginen, oso material garestia baita.

Nola ikasi zenuten teknika?
Lezoko talde batekin hasi ginen ikasten 2018ko Inauteri haietarako. Taldetxo bat elkartu ginen eta hiru edo lau entsegu eginda atera ginen. Pixkanaka aurrera jarraitu dugu eta gaur arte. Denek erritmo eta tempo bera eramatea ez da erraza. Kolpe bakoitzak neurri bat du, eta horrekin batera, pausoak ere kontrolatu behar dira. Hori dena denek berdin berdin egitea lan zaila da. Joareak gora egiten duenean, barruko adarrak ez luke goia jo behar; erdiraino igo eta beherakoan jo behar du behean. Hori ez bada ondo egiten, goian ere jo egiten du eta soinu bikoitza sortzen du. Bere teknika du honek. Zubietan eta Iturenen umetatik erritmo horiek barruan sartuta dauzkate, gorputzaren postura jartzen ere badakite eta hori dena antzematen da. Oso polita eta ikusgarria da haiek egiten dutena.



“Ikasten hasten zarenean gorputz guztiak minduta edo abailduta bukatzen du"


NOAUA! Ordu eta erdi ibiliko zarete herrian barrena. Bizkarrean eramaten dituzuen joareak oso handi eta pisutsuak dira.
Jokin Eizagirre (Txitxo): Ikasten hasten zarenean gorputz guztiak minduta edo abailduta bukatzen du. Tentsio handia jasaten du gorputzak eta hor zabiltza oso ondo zertan zabiltzan jakin gabe. Izterretako mina jartzen da eta bizkarrak ere asko sufritzen du. Zeure buruarekin nahiko lan izaten duzu eta gainontzekoekin koordinatu nahi izate horrek buruhausteak sortzen ditu. Denborarekin ikasten den zerbait da. 12 bat kilo eramaten ditugu soinean joarea eta arropa kontuan hartuta. Teknika ondo ikasita ez du horrenbeste pisatzen eta gorputzak ez du horrenbeste sufritzen. Neketsua da hasiera horretan eta denbora asko eman behar bada aldapan gora eta aldapan behera nekea sortzen du.

Entseguak egiten dituzue?
Azken bi edo hiru urtetan ohitura hartu dugu Usurbilen urtean lau saio egiteko: Inau- terietan, festetan, Santueneko festetan eta Olentzerorekin. Jendea aspertu ere ez dugu egin nahi, eta lau momentu horiek urtean zehar ondo banatuta dauzkagu. Lau saio horien aurretik egiten ditugu entseguak. Normalean, beti izaten dugu norbait berria inoiz probatu ez duena edo oso gutxitan aritu dena eta haiekin pixka bat prestatzen dugu saioa. Bi edo hiru entsegu egiten ditugu saioen aurretik. Gonbidapena luzatu nahiko nieke atentzioa deitzen dieten guztiei gurekin entseguren batean parte hartzera.

Joaldun guztiek bizi diren zonaldearen arabera ez omen dute soinu bera egiten.
Ituren eta Zubieta artean bada auzo bat Auritz izenekoa, eta bertan bi kolpe egiten dituzte, goian eta behean. Beste pauso bat dute haiek. Zubieta eta Iturengo joaldunak bertatik pasatzen direnean pauso hori egiten dute. Zubieta eta Iturengoek izan dezakete aldea euren artean, baina ez da ia bereizten. Horiez gain, Euskal Herrian talde asko daude, baina horietan ezberdintasuna nabari da kalitate aldetik.

Zuen kalitatea nolakoa da?
Gu orain 6-8 lagun gara taldean eta esango nuke kale estuan nahiko txukun ibiltzen garela. Kale estuan oihartzunak asko laguntzen du eta akatsak gutxiago antzematen dira. Pixkanaka hobetzen ari gara eta konturatu gara bost urte hauetan ikasi dugula pixka bat. Pertsona batzuek oso erraz hartzen dituzte erritmoa eta postura, baina beste batzuei gehiago kostatzen zaie. Gero taldearekin koordinatu behar.

Joaldun, joare edo zanpantzar, zein izen erabiltzen duzue zuek?
Joaldun edo joare esaten zaie bizkarrean eramaten duten zintzarri handi horrek joare izena duelako. Beraz, joarea zintzarria da eta txapelari zuntzurroa esaten zaio.


Otsailak 18, larunbata
Inauteri Festa
12:30-14:00 Joaldunak kalean zehar.