Neguak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 16a, 18:16

Negua Usurbilgo enpresak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Neguak datorren denboraldiko kirol arropaz hornituko du GEPF.

Itziar Lete Andonegi Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidenteak eta Ander Zuaznabar Negua Extreme Sportwear kirol markaren kudeatzaileak berretsi dute lankidetza konpromisoa, Gipuzkoako pilotariak janzteko. "Izan daitezkeen premiei azkar eta eraginkortasunez erantzuteko eta euskal pilotaren hobekuntzan eta aurrerapenean elkarrekin lanean jarraitzeko konpromisoa dugu”, esan dute bi aldeek.

 

Bi aldeen arteko aliantza oso positibotzat hartu du GEPFk, “lana eta zerbitzua hobetzen jarraitzeko” lagungarria izan daitekeelakoan. Negua enpresak horrela definitu du euren jarduna: “Negua markak kirol-diziplinetako bakoitzaren baldintza teknikoak menderatu eta behar diren ezaugarriak betetzen ditu haientzat ekoiztutako jantzien ehunetan. Gainera, emakumeen kirolarekin hartua duen konpromiso sendoari eutsiz, Neguak patroi desberdinak ditu emakumeentzat eta gizonentzat. Kirolariak errendimendu-maila gorenera eraman nahi dituen diseinua eta jantzigintza ditu helburu. Azken belaunaldiko eta kalitate handiko ehunekin egindako jantziak, jasangarritasun-parametroen arabera, eta norabide horretara egokitutako fabrikazio-prozesuei jarraituz".