Argitu da nork eta zergatik jarri dituen azken egunotan, herriko kaleetako hormetan agertu diren kartelak. Sexu nortasunei, norbere desirari lotutako hainbat galdera, zalantza idatziz jaso dituzte paperezko euskarriotan. Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak jarri ditu kartelok. "Azken egunotan herriko hormetan ikusi diren mezuek sabela nahastu al dizute? Jakin hori dela Aztarrikako kideok bilatu nahi izan duguna", adierazi dute NOAUA!ra igorritako ohar bidez.
Herrian halakoak entzun ostean, Gazte asanbladakoei bezala, gainerakooi ere zer hausnartua ematea. "Benetan al da Usurbil denontzako herria? Zenbateraino dago onartua "normaltasunetik" ateratzen den hori?". Galdera hauek abiapuntu gisa hartuta, bi formazio saio antolatu ditu Aztarrikak datozen bi ostiral hauetarako. Lehenengoan herriko gazteen hausnarketak bildu asmo dituzte, eta bigarrenean, "jasotako ondorioekin Hiruki Larroxa elkarteak formakuntza saio bat eskainiko digu".
Hitzorduotan parte hartzeko gonbita egin dute. "Identitate eta orientazio anitzen alde animatu eta parte hartu!".
Azken egunotan herriko hormetan ikusi diren mezuek sabela nahastu al dizute? Jakin hori dela Aztarrikako kideok bilatu nahi izan duguna.
Zoritxarrez maiz entzuten ditugu herrian horrelakoak eta honek zer pentsatua eman digu. Benetan al da Usurbil denontzako herria? Zenbateraino dago onartua "normaltasunetik" ateratzen den hori?
Errealitatea ikusteko eta honen inguruan hausnartzeko Gazte Asanbladatik saio batzuk prestatzen ari gara. Otsailaren 17an, ostirala, gaueko 22:00etan lehen mahaingurua burutuko dugu. Bertan Usurbilgo gazteon hausnarketak jaso eta partekatuko ditugu. Jasotako ondorioekin Hiruki Larroxa elkarteak formakuntza saio bat eskainiko digu otsailaren 24an, ostiralean, arratsaldeko 17:00etan gazte lokalean.