Plazara itzuli dira, eta nola gainera. Haiek nora, denak hara begira eta irudiotako taldearentzat bidea zabaltzen. Usurbilgo joaldunak herrira bueltan ditugu. Eguerdi partean, udaberri giro betean egin dute herrian barrena kalejira. Berezia zuten gaurko irteera. Taldea lehen aldiz gure artean ikusi genuenetik bost urte bete dituzte, alajaina!
2018ko Inauteri Festan irten ziren estreinakoz. "Hasieran asko kosta zitzaigun ikastea eta martxa hartzea", adierazi diote lerrootako protagonistek aste honetako aldizkariari eskainitako elkarrizketan. Bistan denez, ordutik martxa ederra hartu dute. Gaurko Inauteri Festan egin duten kalejira horren erakusle.