Xake jokalarien eta zaletuen topagunea izango da gaur Sutegi udal liburutegia. Arratsaldeko 17:30etan hasita, xake topaketa antolatu dute bertan. Adi, izen-ematea itxita dago, deialdiak liburutegikoen aurreikuspenak gainditu ostean.
Xakean jokatzen dakitenentzat aukera aparta izango da. Breogán Estebez liburutegiko laguntzailearekin izan da NOAUA!, ekimen honen nondik norakoak gertuagotik ezagutzeko.
NOAUA! Liburutegian ekitaldi asko antolatu dituzue azken aldian: solasaldiak, tailerrak… eta oraingoan xake topaketa proposatu duzue.
Breogán Estebez: Ni neu xakelaria naiz. Duela gutxi arte Gipuzkoa mailan aritu naiz jokatzen taldean. Hernanikoa naiz eta herriko taldearekin aritu naiz. Bakartxori adierazi nion liburutegia ez dela bakarrik ikasteko espazio bat, baizik eta bizi ere egin behar direla bestelako esperientziak hemen. Xakearen aipamena egin nion, baina topaketa modura antolatuta, ez txapelketa modura. Jendeak gozatu ahal izateko momentua izatea nahi dugu.
Xakean ibiltzen diren herritarren erreferentziarik baduzu?
Erik Juez ibili zen herrian haurrei klaseak ematen. Orain, berriki, Santuenean ere xake klaseak ematen aritu dira eta harrera ona jaso du ekimen horrek. Hori ikusita, bide horri jarraitzea erabaki dugu eta topaketa hau antolatzea.
Herrian zaletasunik badagoela uste al duzu?
Liburutegira etortzen da koadrila bat euren burua frikitzat duena. Horiek xake klaseak hartzen omen dituzte. Gainera, banekien beste liburutegiren batean ere antzeko topaketa edo txapelketaren bat
egin zutela. Beraz, pentsatu genuen: zergatik ez hemen? Ona da jokalarientzat, euren artean
harremanak sendotzeko. Atentzioa lantzeko balio du, logikak ere bere aukera du xakean eta balio asko erakusten ditu. Lasai egoten irakasten du xakeak. Bizitzan nola jokatu behar den ikasteko ere aukera bikaina da. Bizitzan egunero aukerak egin behar izaten ditugu, erabaki potoloak batzuetan eta kontu sinpleagoak bestetan. Erabaki horietan batzuetan asmatu egiten da edo aukerarik onena hautatzen dugu, baina beste batzuetan ez. Ahalik eta erabaki hoberenak hartzen saiatzen gara, eta hartu dugun erabaki horrek ondorioak ekartzen dizkigu azkenean. Galtzen ere erakusten du xakeak. Zerbaitetan jokatzen dugun bakoitzean irabazi edo galdu egiten dugu, eta galtze hori jokoaren parte ere bada.
Parte hartzeko ezinbesteko baldintza da gutxi gorabehera jokatzen jakitea, ezta?
Bai, fitxak mugitzen jakitea ezinbestekoa izango da. Sistema suitzarra jarraituko dugu topaketan. Denek ez dute denen aurka jokatuko. 5 edo 6 partida jokatuko ditu bakoitzak. Sistema honetan, irabazten dutenek irabazten dutenen aurka jokatzen dute eta galtzen dutenek galtzen dutenen aurka.
Gisa honetara, maila bereko jendearekin jokatzeko aukera dute jokalariek. Oso txarrak direnek motibazio puntu hori gal dezakete, baina beti egongo da egoera berean dagoen jendea. Kontua ez da irabazi edo galdu, baizik eta gustora aritzea.