Atzera begira

"Euskaldunok salbuespen egoeran"

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 20a, 10:16

Euskaldunon aurkako eraso latzenetako batetik 20 urte bete dira. Bi hamarkada igaro dira Euskaldunon Egunkaria itxi eta hainbat lagun atxilotu, torturatu eta espetxeratu zituztenetik. Elkartasun uholde batekin erantzun zitzaion bidegabekeria hari, besteak beste, Usurbildik. Bi herrikide atxilotu zituzten; Joan Mari Torrealdai eta Pello Zubiria. Garai hartako aldizkarietan barrena, aste haietan herrian bizitakoa laburbildu dugu lerrootan.

"Euskaldunak, salbuespen egoeran" halaxe laburbildu zuen 2003ko otsaila amaierako NOAUA! aldizkariaren azalak, itxia bai baina isildua izan ez zen Euskaldunon Egunkariaren aurkako erasoaren ondotik jazotakoa. 2003ko otsailaren 20an itxi zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Ahaztezina Guardia Zibila, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkera joandako unea. Egunkariaren sorreran parte hartu zuten 10 lagun atxilotu zituzten. Tartean, bi herrikide: Joan Mari Torrealdai eta Pello Zubiria. Eta hantxe jaio zen lelo ahaztezin hura; "Egunkaria aurrera!". 

Hainbat erreakzio bildu zituen orduko aldizkariak. Usurbilgo Ezker Abertzaletik adierazi zutenez, "berriro ere zoritxarreko egunak ezagutu ditugu" nabarmendu zuten. Euskal Herriaren kontrako erasotzat jo zuten euskaraz argitaratzen zen egunkari bakarraren itxiera eta elkartasuna adierazi zien atxilotuei eta senideei, modu berezian noski, Pello Zubiria eta Juan Mari Torrealdai herrikideei.

Ildo beretik mintzatu zen Usurbilgo Eusko Alkartasuna ere; "atxilotuei gure alkartasuna adierazi nahi diegu, bereziki herritar ditugun Pello Zubiria eta Joan Mari Torrealdairi eta beren senideei". Egun haietan "euskal kultura jasaten ari den erasoa" salatu zuten. "Aktuazio neurrigabeak izateaz gainera, euskara eta euskal kultura indarkeriarekin nahasteko ahalegin zikinak besterik ez dira".

"Oinarrizko eskubideak zapaldu dituen eraso bortitz hau salatzen dugu"
"Gure babesa eta laguntza" eskaini zuen baita Udarregi ikastolak ere. Ikastolako zuzendaritza batzordeko kide zen Joan Mari Torrealdairen atxiloketa eta espetxeratzearen aurrean, "basakeria ikaragarria den operazio honek gugan sortu duen haserrea eta samina azaltzeaz gain, oinarrizko eskubideak zapaldu dituen eraso bortitz hau salatzen dugu adierazpen askatasuna, errugabe- tasun-presuntzioa eta edonork merezi duen duintasunezko tratuaren alde ozenki agertuz".

Horrez gain, "e
uskara eta euskal kultura susmopean ikustean, eta gugan egoera honek sortzen duen suminduraz haratago, berauen alde aspaldi hartutako konpromisoa berretsi nahi dugu, lehendik ere euskararen aurkako zenbait eragile burutzen ari den kriminalizazio ahaleginak deitoratzen ditugun aldi berean".

Azkenik,
"bidegabekeriaz josiriko operazio honetan atxilotu guztienganako elkartasuna adierazi eta espetxeratuak izan direnen berehalako askatasuna eskatzen dugu. Halaber, gorriak ikusten ari diren euren familiak eta elkarteko kide guztiei ere gure babesa eta laguntza helarazi nahi diegu".

Mobilizazioak eta laguntza bilketa
Egunkari itxi eta berehala Euskal Herri osora zabaldutako elkartasun uholdea udalerri honetara ere heldu zen. Euskaldunon Egunkaria itxi eta biharamunean, Egunero izenekoa argitaratzen hasi ziren, Berria kioskoetara heltzen hasi arte. Ezagun egin zen "Egunkaria aurrera!" aldarria baliatuz, eta "euskarak behar zaitu" gogoraraziz, nazio mailako harpidetza kanpainarekin bat egin zuen herri honek ere.

Baina Usurbilen ekarpena, beste hainbatetan bezala, haratago joan zen. Egunkariaren aldeko herri batzordea osatu zuten 2003ko martxoaren 8an pleno aretoan. Diru bilketa eta mobilizazioak bideratzeaz arduratu zen. Sorrera unean, Joan Mari Torrealdai eta Pello Zubiria espetxean ziren oraindik. "Hauen egoera salatu eta hauen aldeko ekimenak ere burutuko ditu herri batzorde honek".

Handik bost egunera, Elkartasun Eguna egin zuten. Sindikatuek deituriko geldialdiak jarraipen zabala izan zuen herri honetan ere. Egun hartan, udaletxe aurrean bilkura isila ere egin zutela gogorarazten du orduko aldizkariak. "E
rantzuna erabatekoa izan zen irakaskuntzan, komertzioetan eta Udaletxean. Enpresetan ere jarraipen zabala izan zuen martxoaren 13ko lanuzteak. Besteak beste, Luzuriaga, Igepak, Cortes Tailerrak, Ucin, Michelin, Savasa edota Larrañagan jarraipen handia izan zuen ordubeteko lanuzteak. Lanuztearen orduan langileak enpresa atarian bildu ziren. Horietako asko udaletxe aurrean bildu ziren eguerdiko 12:00etan. Iluntzeko elkarretaratzea ere jendetsua izan zen. Usurbilgo Udaleko Langileen Asanbladak lanuztearekin bat egin zuen. Gainera, langile bakoitzaren hileko soldatari dagokion beste ordubeteren diru kopurua Euskaldunon Egunkaria-ko langileei ematea erabaki zuten" dio garai hartako NOAUA!-k. 

Lekukotza latzak
Handik gutxira aske utzi zituzten Joan Mari Torrealdai eta Pello Zubiria herrikideak. Hedabide honek Torrealdari eginiko lehen elkarrizketan zioenez, "astero epaitegitik pasa behar dut. Estatutik ateratzerik ez daukat". Aste haietan bizitako sufrimendua hiru tokitan kokatzen zuela zioen. Lehenik etxean sartu zireneko unea. "Ez dut sekula ahaztuko, izugarria izan baitzen". Bigarrenik, "nire bizitza profesionalean egin didaten txikizioa". Azkenik, "han izan genuen tratua, humilagarria".

Salatu zuenez, "plaza publikoan kriminalizatu egin gaituzte, kondenatu egin gaituzte eta ikusi behar zein ondorio dituen Jakinentzat. Hemen Egunkaria bakarrik ez dago joa. Jakin, Argia ere ikututa daude. Hori mingarria da". Jasotako babesaren aurrean, "Usurbilgo herriari benetan eskerrak eman nahi dizkiot. Bihotz bihotzetik eskerrak eman, eta sentimendu handiz diot ikusi dudana ez nuen sekula espero".

Harrera ekitaldi jendetsua egin zitzaion Torrealdairi aske utzi zutenean Usurbilen. Pello Zubiriari ere bai, Lasarteko Argiaren egoitza atarian. Gaixotasun kroniko eta larria izan arren, aginagarra espetxeratu egin zuten, eta tarte horretan ospitaleratu ere egin behar izan zuten. Bere aldeko harrera ekitaldian. preso ziren gainerako kideak aske uzteaz gain, "abertzaleok eta Euskal Herria maite dugun guztiok adostasun batera heldu behar dugu; bestela, jango gaituzte", ohartarazi zuen aginagarrak.