Oinarrizko gaiak biltzen aritu zen herritar talde bat iragan otsailaren 17an Mikel Laboa plazan, berriki Turkian eta Sirian izan diren lurrikaretan kaltetutakoentzat. Zaporeak elkarteak Euskal Herri mailan egindako deialdiarekin bat egin zuen hitzorduan herrikideek erakutsitako elkartasunarekin pozik da antolakuntza. “Primeran joan zen bilketa”, adierazi diote NOAUA!ri. “Erantzun polita eman du Usurbilgo herriak. Baten bat kanpotik ere etorri zen”. Usurbilen iragan ostiralean bildutakoa biharamunean Zaporeak elkarteak Martutenen duen egoitzara garraiatu zuten. Hortik aurrera, haiek egingo dute banaketa.
Gaztetxoenen parte hartzea
Oinarrizko zenbait elikagai eta garbiketa pertsonalerako produktuak jaso nahi zituzten. “Denetarik pixka bat jaso dugu, baina batez ere arroza eta pasta”, nabarmendu du aipatu herritar taldeak. Horrekin batera, 140 euro eskudirutan. Belaunaldi gazteenak ere bere ekarpen solidarioa egin zuen. “Ponpoiak eta giltzatakoak egiten aritu ziren Bordatxo parean. Salgai jarri zituzten eta handik ateratako dirua proiektu honi eman zioten”. Gogoan izan, siru ekarpenak ere egin daitezke. “Bildutako elikagaiak garraiatzeko gastuei aurre egiteko zuen ekarpen ekonomikoa ere ongi etorria izango da”. Zaporeak elkarteak dituen kontu zenbakiotan egin ahalko dira ekarpenak:
Kutxabank:
ES14 2095 5092 00 9115250322
Laboral K.: ES71 3035 0103 88 1030035880
Bizum: 00435