Osasun mentalari buruzko diagnositik, azaleratu diren gaien lanketara

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 21a, 10:05

Hilabeteotan landu duen diagnositik lanketa saioetara igaroko da Ernai gazte antolakundea.

Usurbilgo gazteen %83ak azken urteetan bere osasun mentala artatzeko beharra sentitu du baina %55ak soilik jarri dio arreta”. Gaiak lagunartean edota familiartean nahikoa presentzia ez duela diote. Osasun mentalarekin lotuta, harremanak, drogomenpekotasuna, antsietatea, sexualitatea, hezkuntza gaiak jorratzeko interesa agertu du herriko gazteriak. Hauek dira nagusiki, Usurbilgo Ernai gazte erakundeak udazkenean zehar osasun mentalaren inguruan sare sozialetan eseki zuen galdetegiaren bidez jasotako erantzunetatik atera dituzten ondorio nagusiak. “Geneukan bihozkada berresteko aukera izan dugu”, adierazi diote gazte antolakundetik NOAUA!ri.

Lanketa hau abiatu zutenetik hain zuzen, #ezgarakristalezkoak traola baliatu du Ernaik, eta ez alferrik. “Ez dugu sufritzen sufritzeagatik, ez gaude gaizki gaizki gaudelako, ondoez horrek arrazoi batzuk ditu; badaude beti aipatzen diren lan eta bizi baldintzak, lagun arteko harremantzeko moduak, gure harreman afektibo sexualak nondik bideratzen ditugun, zer baliabide ditugun... Hor gai asko daude. Askotan ahulak garela dirudi eta halaxe aurkezten gaituzte jendaurrean. Baina badaude arrazoi batzuk belaunaldi bezala ezaugarritzen gaituztenak eta sufritzen dugu bai, baina zerbaitegatik. Sufrimendua politikoa dela esaten dugu sarritan”.

Berriki plazaratu dituzte emaitza hauek eta ekimenak sustatu duen parte hartzea eta piztu duen interesa ikusita, egitasmo honekin aurrera egitea erabaki dute. Laster, “hiru bat saio egitea aurreikusi dugu, eskaera gehien izan duten gaien inguruan”, aurreratu diote NOAUA!ri, ekimen honen sustatzaileek. Egin duten diagnosi lanaren ostean, “identifikatu dugu zer aztertu behar dugun”. Zer nolako gaiei heldu zehaztu ahal izan dute galdetegiaren laguntzaz, eta “azterlanari” ekingo diote orain, azkenean, “nola gauden, horretara heltzeko”. Saio batzuk “informatiboagoak izango dira, beste batzuk lanketa handiagoa eskatuko dute”. Edozein kasutan, biltzen den “taldearen araberako ariketa partehartzaileak” izango dituzte hitzorduok.

Estreinako saioan jorratuko duten gaia zehaztua dutela berri eman dute halere;  “lehenengo saioa harremanei buruzkoa izango da, gehien aipatu den gaia izan baita”.

Marko baten sorrera
Parte hartzeko deia egin dute. “Dinamika hau aurkeztu genuenean, parte hartzeko hainbat modu zeudela berri eman genuen. Nahi duenak talde motorean esku har dezake. Saioetan ere bai noski. Denoi on egingo digu. Talde motorean egon ez ziren hainbat lagun nanimatu dira hitzordu hauen prestaketa lanetara”. Galdetegiarekin eta iragarri dituzten saio hauekin, “marko bat aterako da hortik”, jendartean dauden beharrak lehenetsiko dituena. Honako hau, luzatu daitekeen lanketaren abiapuntua izan daitekeela diote. “Gai eskaintza zabal honen baitan hiru landuko ditugun moduan, aurrerantzean beste talde batek har dezake iniziatiba jarraipena ematekoa”. Ekimen hau bideratzeko inizitiba Ernairena izan arren hain zuzen, gero talde motorean gazte eragile desberdinetako kideak batu dira. Edozein kasutan, landu duten marko hau hor izango du eskura edonork.

“Serio heldu diogu gaiari”
Historikoki osasun mentalen gaien inguruan egon den isiltasuna eten ote duten galdetuta, tabua hautsi baino diotenez, “serio heldu diogu gaiari, diagnostiko zorrotzetik eta hori da garrantzitsuena” nabarmendu dute. “Hor dago aldaketa, tabua haustean baino. Hor dago gaia baina aldi berean ez dago. Gaizki gaude, baina ez dakigu zer egin daitekeen, edo nondik bideratu”.

Egitasmo honek pandemia garaian gazte mugimenduak lan eta bizi baldintza duinen inguruan eginiko ikerlana du abiapuntua. Hor hainbat behar identifikatzen hasi ziren, “hastapen bat izan zen”, Usurbilgo Ernairen esanetan. Gazte antolakundeak iaz gai hau jorratzeko iniziatiba hartu zuen. Urteotako osasun krisialdiak azaleratu du, “zaintza zer oinarrizkoa den eta aldi berean elkarren zer behar dugun”. Orain, “presentzialtasun bat eman zaion gaia da”. Lanketa honekin “oinarri bat ezarri da eta beste eragile batzuei pausoak emateko aukera” eskainiko du honek. “Militantziaren esparrutik ere gaia balorean jarri eta denon kontua izanda, alor honetatik ere garrantzia emateko” baliagarritzat jotzen dute bideratzen ari diren lanketa.