Uraren filtrazio sistema hobetzeko obra honela gauzatuko da: Batetik, San Esteban 1 deposituan filtro berriak jarriko dira, “Erroizpeko iturburuetako ura ez ezik presako ura ere baliatu ahal izateko”.
Eta, bestetik, depositu hori eta Erroizpeko iturburuak lotzen dituen hodia berrituko da. “Jatorrizko proiektua filtroak aldatzeko idatzi zen, baina obrak egingo direla aprobetxatuz, hodia ere aldatzea erabaki dute, berritzeko zuen premia ikusita”, udalak azaldu duenez.
Erroizpeko urarekin Usurbilgo etxeen %40a hornitzen da
Usurbilgo etxebizitzak Erroizpeko zein Añarbeko urarekin hornitzen dira; giltzen bidez, bata edo bestea erabiltzeko aukera ematen du Usurbilgo ur sistemak. Gaur egun, Erroizpen dauden hiru iturburuen bidez Usurbilgo etxeen %40 hornitzen da (Zubieta, Aginaga, Santuenea, Txokoalde, Urdaiaga eta, kaxkoan, Kale Nagusitik beherako zatia). Filtrazio sisteman egingo den inbertsio honen bidez, Erroizpeko hiru iturburuetako ura ez ezik presako ura ere baliatzeko aukera izango da: segundoko 11 litro ordez, 86 litro erabili ahal izango dira.
Ez da ur mozketarik izango
Obrak iraun bitartean, “herritarrek ez dute ur mozketarik jasango”, udaletik aditzera eman dutenez. “Añarbeko ura erabiliko baita, %100ean, herri osoan”.
Ur propioa eskura izanda, udalak berak kudeatzearen aldeko hautuari heldu nahi dio. “Izan ere, inbertsioak beste erakundeekiko burujabetza handiagoa izatea ahalbidetuko dio udalari, eta orain egingo duen inbertsioa zortzi-hamar urtetan amortizatu ahal izango du”, aditzera eman dutenez.Bide horretan, San Estebango 1 eta 2 deposituak lotzen dituen hodia berritu zuen udalak 2021eko otsailean.