Hainbat eragile (Usurbilgo Udala, NOAUA! K.E., Udarregi ikastola, eskola kiroleko nahiz Zirimarako koordinatzaileak, talde sustatzaileko kideak, guraso elkarteetako kideak...) biltzen dituen mahai teknikoan jasotako kezkaren harira abiarazi zuten otsailaren 1ean prozesu hau. Multikirolen sustatzaileek gogorarazten dutenez, “gaur egun, Usurbilen LH 5 eta 6 mailetako multikirolen ibilbidean urte erdiz futbolean eta beste urte erdiz eskubaloian aritzen dira, eta jarduera hau generoka banatuta antolatzen dugu. Galdera ezberdinak sortu dira; alde batetik, generoka banatutako jarduera sustatu behar ote dugun edo ez, zer ote den egokiagoa. Edo bestalde, multikirolaren ibilbideko jarduera bi modalitate horietara murriztu behar den edo kirol aniztasun zabalago baten baitan antolatu behar dugun gure eredua”.
Potxoenean egindako lehenengo saio hartan, espezializazioa edota kirol-aniztasuna, Eskola Kiroleko eredua edota aurrera begirako erronkez jardun zuten zenbait aditurekin.
Asteazken honetan bigarren saioa; Usurbilgo errealitatea izango dute aztergai. “Plan estrategikoan jasotako galdetegien emaitzak eta LH 5 eta 6 mailetako ikasleei helaraziko diegun galdetegien” emaitzak aurkeztuko dituzte. Hartara, tokiko ereduaren “indargune eta ahulguneak identifikatzen saiatuko gara”. Proposamen zehatzak landu asmo dituzte hirugarren eta azken saioan. Hitzorduok irekiak izango dira; interesa duen herritar orok parte hartu ahalko du. Noski baita, Zirimarako hezitzaile, guraso edota kirol taldeek.
Saioak Potxoenean
Otsailak 22, asteazkena
18:30 Usurbilgo errealitatea, indarguneak eta ahulguneak.
Martxoak 15, asteazkena
18:30 Proposamen zehatzen lanketa.