Elurrak Andatzaren gailurra zuritu dezake

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 22a, 08:23

Gaur gauerditik ostiral goizaldera, 500 metrotan zuritu dezake elurrak, baita Andatzan honenbestez.

Egunotako udaberri giroaren ondotik, garaian garaikoa bueltan. Neguan garela gogoraraziko digute datozen orduok. Elurra gertu samar ikusteko aukera izan dezakegula ohartarazten ari da Euskalmet meteorologia agentzia. Gaur gauerditik aurrera, abisu horia izango da indarrean, ostiral goizaldeko 6:00ak arte. "Elur-kota 1000-1200 m-tik oso bizkor jaitsiko da eta goizean goizetik aurrera 500-700 m inguruan egongo da" ostegunean. Andatza gaina, beraz, zuritu dezake elurrak. 600 metrotan zortzi zentimetroko geruza sor daiteke. Gainerakoan, ekaitz giroa. "Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, Kantauri isurialdean iraunkorra eta oso ugaria izango da. Trumoi-ekaitzak izan daitezke Kantauri isurialdean".

Giro honekin, asteazken honetan Usurbilen, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Egunaren lehen partean euri txikia egingo du noizean behin. Egunaren bigarren partean euri txiki-ertaina egingo du, sarriago gauean; orduan euria ugaria izan daiteke. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, egunaren bigarren partean ipar/ipar-mendebaldekoa nagusituko da, bolada gogor batzuekin gauean. Tenperatura maximoak nahikoa jaitsiko dira".

Ostegunean, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, iraunkorra eta oso ugaria izango da eta trumoi-ekaitzak izan daitezke. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura jaitsi egingo da: minimoak gutxi edo nahikoa eta maximoak nabarmen edo asko".

Etzi, "hodeiak pixkanaka gutxitu egingo dira eta egunaren bigarren partean ostarteak zabalduko dira. Goizaldean prezipitazio txiki-ertaina egingo du eta goizean atertzera joko du. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, hego-mendebaldekoa nagusi izanik. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus