Hamalau urte beteko dira martxoaren 16an, Usurbilek herritarren ohitura aldaketa txiki batekin hondakinen kudeaketa ereduaren ordura arteko ibilbidea zeharo aldatu zuenetik. Hondakin zati bakoitza atez ate biltzeko zerbitzua martxan jarri zen. Gaika bereizita jasotako hondakinen ehunekoa nabarmen igo zen denbora tarte laburrean. Azken urte luzeotan %80tik gorakoa izan da, baita iaz ere.
Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, udalerri honetan bildutako hondakinen %87 bildu zen gaika iaz, "2021eko datuei eutsiz". Halere, "urte osoan bildutako hondakin kopurua 2021ekoa baino %3,9 gutxiago izan da: guztira, 3.056 tona. Hori horrela, usurbildar bakoitzak urtean sortzen duen hondakin kopurua 500 kg azpitik kokatu da (496 kg)". Errefusaren bilketak ere marka berri bat hautsi duela gaineratu du Udalak. "2022an inoizko errefusa kopururik urriena jaso da: 391 tona (2021ean, 405 tona izan ziren)". Modu horretan, gaikako bilketaren helburua inoiz baino neurri handiagoan bete dela nabarmendu dute. "Gaikako bilketaren helburua ahalik eta hondakin gehien bereizita biltzea da, hondakin horren berariazko tratamendua erraztu eta, aldi berean, errefusa edo ezin birziklatu den hondakin kopurua gero eta gutxiago izan dadin ahaleginduz".
Errefusaren bilketak behera, baina "tokiko konpostak gorakada izan du, iaz martxan jarritako baserri konposta tarteko. Tokiko konpostak barne hartzen ditu auzo- eta auto-konposta eta, orain, baita baserri konposta ere; lehen biek beherakada izan badute ere, baserri konpostaren bidez lortutako
22,54 tonei esker gora egin du".
Zenbakitan
Bildutako hiri hondakin kopuruaren garapen orokorra
Bildutako hiri hondakinen kopuruaren garapena atalka.
Hiri hondakinen gaikako bilketaren garapena
Errefusaren garapena
Balantze ekonomikoaren garapena