Usurbilgo festetako egitaraua osatzen hasteko bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 23a, 08:19

Santixabelak antolatzeko Jai Batzordearen bilera gaur.

Datozen Usurbilgo festetan izango dugun hitzorduen zerrenda osatzen hastera doa Jai Batzordea, ostegun honetarako, otsailaren 24rako deitu duen bigarren bileran. Ekitaldirik proposatu nahi duten norbanako edo eragileek beraz, etzi 18:30etan Potxoenean egingo den saiora joan besterik ez dute. Gogoan izan, bilgune honetan hartzen dira Santixabelei lotutako erabaki guztiak. 

Ekainaren 29tik uztailaren 3ra
Gogoan izan, hilabete hasieran Potxoenean egindako lehen bilkuran, festen iraupena zehaztu zuten, baita Santixabelak noiz hasi eta noiz amaituko diren ere. 2023ko herriko jaiak ostegunez hasi eta astelehenarekin batera amaituko dira. Egutegia eskutan, ekainaren 29an abiatuko dira eta uztailaren 3ra arte, bost egunez parranda giro betean murgilduko da herri hau.

Gogoan izan, Santixabel eguna uztailaren 2a izaten da. Aurtengoan, igandez egokituko da. Usurbilgo Udalak udalerri mailako jai eguna izendatzeko aukera izaten du urtero. 2023koa igandean izango dela jakinik, astelehenera aldatzea erabaki zuten jai eguna, iaz eginiko osoko bilkuretako batean. Oraingoan, beraz, Usurbilen jai izango da uztailaren 3a, astelehena, festetako azken eguna.