“Harpa Jotzen EITB-n, Spotify-n edota podkastak eskaintzen diren beste plataformatan entzun daiteke”

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 23a, 09:54

Harpa Jotzen podkasta estreinatu berri dute Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak. Umorea ardatz hartuta, gonbidatuak galdera absurdo eta xelebrez josten dituzte bi umoristek. Bazterrak nahasten abilak dira biak eta Idoiarekin izan da NOAUA! podkastaren berri izateko.

NOAUA! ‘Harpa Jotzen’ podkasta plazaratu berri duzue. Umorezko audio saioa da. Nolatan sartu zarete mundu horretan?
Idoia Torregarai: Mirarik eta biok aspalditik ezagutzen dugu elkar, baina azken bost urteetan harreman hori indartu egin da binakako bakarrizketak elkarrekin egiten hasi ginelako. Ia 300 plaza egin ditugu Euskal Herri osoan zehar eta bere autoan joaten gara beti. Zenbat kilometro egin ditugun eta zenbat hitz egin dugun bitarte horretan... Gu ez gara isilik egoteko horietakoak eta barre egin dugu ugari, baita negar ere. Ikuskizunaz gain, askotan aipatzen genuen podkast bat egiteko aukera eta nik banuen pertsonalki buruan horrelako zerbait egitea. Umorezko podkast asko jarraitzen ditut eta horrelako zerbait egin nahi nuen euskaraz. Euskadi Irratian kolaboratzen nuenean EITB podkasteko arduradunari ere aipatu izan nion ideia hau behin edo behin. Egun batean, hark egin zidan proposamena horrelako zerbait prestatzeko eta ‘Harpa Jotzen’ izango zena prestatzen hasi ginen.

Zer moduz doaz grabaketak?
Oso ondo pasatzen ari gara. 8 kapituloko podkasta egiten ari gara. Grabaketekin aurrera goaz eta gonbidatuei denetariko galdera xelebreak egiten dizkiegu. Askotan munduko proiekturik onena egiten saiatu behar dela ematen du, anbizioarekin. Emakumeok bikoitza erakutsi behar dugu eta umorean zer esanik ez. Guk ez genuen hori nahi, presiorik gabeko zerbait eta ondo pasatzeko modu bat.

Lehenengoa jada plazaratu duzue Beatriz Egizabalekin batera egindakoa.
Bagenekien lehenengo atalak bizia izan behar zuela, aurkezpen karta moduko bat da. Aitziber Garmendiarekin egin behar genuen berez, baina gaixorik zegoen. Gonbidatuen zerrendara jo genuen eta Beatriz geneukan horien artean. Berehala esan zigun baietz eta ordu batetik bestera grabaketa egitera eraman genuen.

Nolako harrera izaten ari da?
Guretzat oso esperientzia polita izaten ari da eta EITBn oso harrera ona izan duela esan digute eta haiek ere oso pozik daudela. Hori ere garrantzitsua da.

Zenbatean behin eta non topa dezakegu zuen podkasta?
Bi astetik behin, astelehenetan aterako dugu. Datorren astelehenekoa Joxe Rojas izango da, Tokikomeko komunikazio arduraduna. Hark kuadrillei buruz hitz egingo du eta denontzat oso gertukoak diren kontuei buruz arituko gara. EITB-n, Spotify-n edo podkastak eskaintzen diren beste edozein plataformatan eskuragarri izango da. Sare sozialen bidez edo partekatu nahi izanez gero, #Harpajotzen erabilita jasoko ditugu.

“Luze edo Motz ikuskizunarekin azken txanpan gabiltza”

NOAUA! Momentuz zortzi saio izango dira, baina aurrerago badaukazue asmorik gehiago grabatzeko?
IdoiaTorregarai: Zortzi saioko kontratuak eskaintzen dituzte, eta harrera ona badu, aurrekontua baldin badago eta gogoa ere bai, zergatik ez? Guk zuzenean luzatzen diegu lotsarik gabe EITBkoei bigarren denboraldirako gauzak prestatzen hasi beharko dugula erdi txantxatan. Hala ere, momentuz zortzikoa baino ezin dugu aurreratu.

Irratian kolaboratzaile lanetan arituzara. Oso ezberdina da podcast bat egitea?
Bai eta ez. Manu Etxezorturekin egiten nuenean, gai bat prestatuta eramaten nuen, orain egiten dugun bezala, baina niretzat oso garrantzitsua zen berarekin neukan feeling hori. Podcast batek azpiegitura konplexuagoa du eta koordinazio lan handia eskatzen du. Pertsonekin lotura ona baduzu ez da zaila. Gure indarguneetako bat da Mirarik eta biok oso ondo ezagutzen dugula elkar eta txispa hori badugula, eta horrekin jokatzen dugu asko.

‘Luze edo Motz’ ikuskizunarekin zabiltzate azken aldian. Luzez jarraituko duzue ikuskizun horrekin?
Azken txanpan gabiltza. Datorren urterako beste ikuskizun berri bat prestatuko dugu eta Euskal Herrian zehar ibiliko gara horrekin ere. Autoan sartu eta hizketan jarraitu behar dugu.

Apirilean Artzabalgo Kultur-potean parte hartuko duzue. Orduan ere ‘Luze edo Motz’ ikuskizuna eskainiko al duzue?
Ez, oraindik ez dugu definitu zer egingo dugun, baina ez da “Luze edo Motz” izango. Agian, zatiren bat edo beste egingo dugu, baina gauza berriak izan daitezke.