"Interesgarria eta beharrezkoa da, tokiko erakundeak Zero Zabor prozesuan murgilduta dauden bestelako erakundeekin elkarlanean jardutea, arazo berdinaren aurrean eman daitezkeen erantzun eta irtenbideak ezagutu, partekatu eta hobetzeko asmoz". Filosofia horren bueltan aurkeztu du udal gobernu taldeak nazioarteko Zero Zabor mugimenduak sustaturiko Zero Zabor Udalerriak Ziurtatzeko Programara atxikitzeko proposamena, ostegun honetan egin duten udalbatzarrean. Gehiengo osoz onartu dute EHBilduren babesarekin, EAJ aurka agertu da.
Erabaki honekin, "Zero Zabor Udalerriak Ziurtapen-programaren barruan Usurbilgo Udalari eska dakizkiokeen betekizunak eta zereginak betetzeko konpromezua" hartzen du, "horretarako, beharrezkoa balitz, dagozkion kontratazioak bideratuz". Programa hau "abian da Europa mailan eta bertan 24 herrialdeetako 30 erakundek parte hartzen dute, guztiek ere Zero Zabor eredua bultzatu asmoz". Horrez gain, Europar Batasuneko 400 udalerrirekin lan egiten duen programa hau "tutoretza- eta aitorpen-sistema batean oinarritzen da gaur egun".
Onurak
Urrats hau emateak hainbat onura ekarriko dituela iragarri dute. Batetik, "Usurbilen antzeko ereduarekin, laguntza profesional handiagoa izatea Europa osoko esperientziarekin. Babes hau berme izango da plan ezberdinak eraginkorrak izan daitezen baita garaiz eta behar bezala ezar daitezen ere".
Horrekin batera, "Zero Zabor eta Ekonomia Zirkularraren estrategiak diseinatzeko, aplikatzeko, gainbegiratzeko eta optimizatzeko etengabeko laguntza" ere ahalbidetuko du programa honetara atxikitzeak. Azkenik, "Usurbilgo lana Europako eta nazioarteko audientzia baten aurrean erakusketa aukera, irudi positiboa eta Usurbilgo Udalerria sektoreko lider gisa onartua izatea (web mintegiak, ikasketa bidaiak, formazioak...)".
Hobetzeko akuilu
Proposamenaren aurka bozkatu du EAJ-k. Hondakinen arloko prebentzio lanarekin adostasuna agertu du Josune Urkola bozeramaileak. Aldiz, entitate pribatu bateko kide izatearekiko eta horretarako sarrera eta kuota ordaintzearekin ez daudela ados gaineratu du. Udal gobernu taldetik erantzun diotenez, urtean 1.500 euroko kostua izango du ziurtagiria eskuratzeak eta hiru urtean behin Udalari egingo zaion auditoria lanak 1.250 euro. "Udal baten aurrekontua" zenbatekoa den kontuan izanda, ez da aparteko kostu bat udal gobernu taldearen esanetan.
Diru kontuok aparte utzita, aberasgarritzat jo dute programa honekin bat egitea. Egun %87an den gaikako bilketa are gehiago hobetzeko aurrerapausoak ematen lagundu dezakeela irizten dio EHBilduk, baina batez ere, prebentzioaren eta berrerabilpenaren arloetan "egiteke asko" dagoenez, "Europako esperientziatik asko ikas dezakegu". Programa honetara atxikitzeak, "gure lana hobetu eta gure buruarekiko zorrotzagoak izateko nahia" islatzen duela dio udal gobernu taldeak, orain arte Usurbilek jorratu duen bideagatik "herritarrak zoriondu eta bidean sakontzeko akuilu izan daiteke".