Txirikorda barrutik ezagutzeko aukera gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 24a, 07:00

Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa barrutik ezagutzeko bisita antolatu du Usurbilgo Udalak ostiral honetarako, otsailaren 24rako. Gogoan izan, bertan bizi nahi duten 18-30 urte arteko gazteek nahiz 65 urtetik gorakoek izena emateko aukera izango dute hilaren 28ra arte.

Azaroan antolatu zuten Zaintza Azokaren baitan, estreinakoz barrualdea ezagutzeko aukera izan zuten hitzordu haietako parte hartzaileek. Bigarren bisita antolatu du Usurbilgo Udalak ostiral honetarako, otsailaren 24rako, 17:30etan, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan bizi nahi dutenentzako izen-ematea irekia dagoen honetan. Otsailaren 28ra arte aurkeztu ahalko dituzte eskabideak interesdunek. Emantzipazio zailtasunak dituzten 18-30 urte arteko gazteek eta bizilekuan irisgarritasun arazoak izan edota bakarrik bizi nahi ez duten 65 urtetik gorako herrikideek eman dezakete izena. "20 egun natural izango dituzte eskaerak aurkezteko", ohartarazi zuen Usurbilgo Udalak otsailaren otsailaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu zuen iragarkian. Horretarako, otsailaren 28ra arteko epea izango dute interesdunek.

Izen-emateko deialdia, urriko udalbatzarrean Txirikordari lotuta onartu zuten "baremazio eta esleipen prozedura erregelamenduan jasotakoaren baitan" kokatu behar da. GAO-ren iragarkian dituzue hain zuzen, dokumentuok:
Izena emateko eskabidea 18-30 urte artekoentzat
Izena emateko eskubidea 65 urtetik gorakoentzat
Esleituko diren etxebizitzen zerrenda
Txirikordaren GAO-ko iragarkia      

Esteka horietan, adin tartearen arabera bete beharreko eskabide orria dute interesdunek. "Izena ematen dutenen artean, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da epea amaitzen denean, eta alegazioak aurkezteko tartea ere izango dute", ohartarazi du Udalak. Guztira, gogoan izan, 16 bizileku izango ditu Txirikordak 4 bi logelakoak, gainerakoak logela bakarrekoak. "Bestelako elkarbizitza eredu bat sustatu nahi du, bizi eredu komunitarioa, eta bi kolektiboek elkar aberastu eta elkar zaintzeko. 2019an egindako parte-hartze prozesua dago proiektuaren oinarrian: orduan finkatu ziren ezaugarri eta eduki nagusiak, eta legealdi honetan proiektua gauzatzeko urratsak egiten ari da Udala". 


TXIRIKORDA BELAUNALDIARTEKO ETXEBIZITZA KOMUNITARIOA
Nori zuzendua: etxejabeak ez diren 18-30 urte arteko gazteei eta 65 urtetik gorako helduei.
Helburuak: gazteen emantzipazio beharrei eta adinekoen bakardade edota etxebizitzako irisgarritasun arazoei aurre egitea.
Kokagunea: Ugartondoko urbanizazio berria, Ugarte baserriaren ondoan.
Etxebizitza kopurua: 16. Kolektibo bakoitzarentzat zortzina etxe. "Kolektiboren batean ordezkariek ez balego, 2-3 etxebizitza erreserban utziko lirateke. Itxaron zerrenda osatuko da etorkizuneko bajak betetzeko".
Etxebizitzen ezaugarriak:
-Logela bakarreko 12 etxebizitza eta biko beste lau.
-Etxebizitza bakoitzak egongela, sukaldea, komuna, logela(k) eta terraza ditu. Baita espazio komunak ere: terraza teilatuan, portxea sarreran, garbigailuak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, liburutegia eta erabilera anitzeko gela.
Elkarbizitza:
-Espazio autogestionatua izango da: bakoitzak bere etxe pribatua izango du, baina aldi berean, espazio komunak partekatuko ditu gainerako bizilagunekin.
-Komunitateak ezarriko ditu espazio partekatuak zeintzuk diren, baita "garbiketa txandak, erabilpenak eta ordutegiak".
-Norbanakoen eta kolektiboaren kontsumoak bereizi egingo dira. Erosketak, harpidetzak zein ondasun kolektiboen kontsumo adostuak sustatuko dira.
Esleipena:
-2 urte baino gehiagoz Usurbilen erroldatua egotea. 
-Eskaera norbanako moduan edo bizi nahi duten pertsonekin batera bideratu ahalko da, "betiere guztiek baldintzak betetzen badituzte". Logela bat edo bi behar diren zehaztu beharko da. 
-Eskatzaileek Udalak eskainitako formakuntzan eta prestaketan parte hartu beharko dute.
-Gazteen kasuan: zozketa bidez esleituko dira etxebizitzak gehienez 5 urterako. Esleipena egiten den unean 18-30 urte izan beharko dituzte eta ezingo dute etxebizitzarik jabetzan izan.
-Helduen kasuan: gizarte zerbitzuek eskatzaileen beharrak neurtzeko baremazioa egingo dute. 5 urtekoa izango da etxebizitzen esleipena, baina luzagarria, "etxea esleitu uneko egoerak bere horretan jarraitzen badu".
-Errenta diru-sarrera guztien %15 izango da, hilero 90 euroko gutxienekoa ezarrita.
-Etxea jabetzen duten helduen kasuan, "bi urtez egon beharko dute Usurbilen erroldatuta, eta etxebizitza jabetzan izanez gero, urtebeteko epean parke publikora alokairuan ateratzeko konpromisoa hartu beharko dute".
Txirikordan bizitzeko konpromisoak:
-Komunitatean bizitzea: bestearekiko errespetua, parte-hartzea eta komunitateak banaka zein taldean egiteko adostutako lanak egiteko konpromisoa, astean ordu batzuk komunitateari eskaintzea.
-Energia berriztagarrien zein bertako kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du.
-Txirikordak Usurbilgo bizitza publikoan eragile aktibo izan nahi du: "beraz, barruko zein kanpoko jarduerak bultzatuko ditu".
Obren amaiera: 2023. urtea.
Informazio gehiagorako: usurbil.eus/txirikorda / 943 371 951.
Iturria: Usurbilgo Udala.