Azken ostirala

Sarek deitutako elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 24a, 10:14

Sarek elkarretaratzea deitu du gaurko, hilero azken ostiraletan egiten duten moduan.

Euskal presoen eskubideen alde mobilizatzeko eguna gaur Euskal Herrian, baita, besteak beste, Usurbilen ere. Sarek deitutako elkarretaratzea gaur iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Gogoan izan, duela hilabete, "Etxera" aldarri eta irudi berria eman zuen ezagutzera aipatu mugimenduak. "Gaur eskuetan dugun ikur berria bazter orotara hel dadin nahi dugu, denok barnera dezagula aro berri honetarako banderola delako, denok batera lanean aritzeko etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen-neurriei amaiera emanik", adierazi zuten Usurbilgo Sareren ordezkariek elkarretaratzearen amaieran. Bi gezi ageri dira oihal hauetan. "#Etxerabideagertu geziek markatzen duten bidea da, ibilbide juridikoa egiten aspaldi hasi ziren euskal presoen eskubideen bidea, legezkotasun arrunta aplikatu arte". 

Salbuespen legedia eten arte alegia. "Ez dira onurak", Sareren esanetan. "Ez gara zigorgabetasunaz ari. Presoen eskubideak defendatzen ditugu. Lautik ia hiruk bete dute hirugarren gradura proposatzeko legediak eskatzen duen espetxealdia. 17 presoek gaixotasun larri edo sendaezinak pairatzen dituzte. 70 presoek 20 urte baino gehiago daramatzate espetxean, horietako batzuk 30 urte baino gehiago".

"Indarkeriaren biktima guztiekiko errespetua eta tratamendu bera"
Ikur berria beraz, lau haizeetara zabaltzeko deia egin zuen Sarek, hilabete hasierako Bilboko mobilizazio jendetsuari emandako "bultzada aprobetxatuz" deitu zuten elkarretaratzean. "Kalean milaka lagunek manifestatzeko deiari emandako erantzuna izan zen Bilbokoa eta horrek argi erakusten du preso, erbesteratu eta deportatuen etxerako bidea zeharkatzeko unea iritsi dela eta herri mobilizazioa, berriro ere, ezinbestekoa izango dela", gogorarazi zuen Sarek.

Zorion eta esker hitzak helarazi zizkien hain zuzen Bizkaiko hiriburura manifestatzera joandakoei, "arrakastatsua suertatu zelako. Manifestazioak babesa eman dio urte luzez aldarrikatzen ari garenari, alegia, salbuespenen neurrien amaiera; eta indarkeriaren biktima guztiekiko errespetua eta tratamendu bera, biktima guztientzat".

Aurrera begira ere ildo beretik jarraitzeko deia egin zuen Sarek. "Azken urteotan bezala Euskal Herritik lanean jarraitu behar dugu aro honetan ere, etxerako bidea legeak dioenaren arabera gauza dadin. Eta aro berri honetan ez dugu maparik behar. Geziek erakutsi diguten bideari jarraikiz, Etxera Bidea Gertu mezua egia bihurtzen hasteko unea da".