Kantuan plazaratzeko deia biharko

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 24a, 09:35

Kantu-jira larunbat eguerdian, Mikel Laboa plazatik abiatuta.

Abestera plazara irteteko deia egin du hilero moduan otsaileko azken larunbat honetarako, hilaren 25erako, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Eguerdiko 12:00etan Mikel Laboa plazan finkatu dute hitzordua.

Kantu zaharrak plazaratzen
Urtea herri honen iraganera begira hasi zuten. Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak urtarrila amaieran antolaturiko bira garai bateko herri kantutegian arakatuta jaso duten abesti bat plazaratuta abiatu zuten; "Sagardua" izenekoa.

Abestiaren hitzak Andoni Arzallus Aristirenak dira. "Hau abestu zuenean, Usurbilen, ondoan zituen Anttonio Pello, Mateo, Mikel Ezkerra, Joxe... ", azaldu dute Kantu Taldetik. Haiek guztiak, "gure aurreko kantu-koadrila" hartako kideak zirela oroitarazi ziguten. Kantuan aritzen ziren, taberna giroan.

Albiste honi atxikitako bideoan duzue kantu-jira hasteko abestu zuten "Sagardua". Adi, Kantu Taldetik iragarri dutenez, abesti gehiago berreskuratu asmo dituzte hurrengo hilabeteotan.


"Sagardua"
Hitzak: Andoni Arzallus Aristi.
Doinua: Susana Aurkia.

Sagardua sagardua lasto kolorekua
Sagardua sagardua garratz aundikua

1
Zugaitzak sagastietan
udaberriak loretan
andik aurrera pipitan
txoriak bere kabitan
sagarrak osto tartean
gozaturik eguzkitan

2
Udaran zizarrak bildu
santakutzak inguratu
saski ta kizkiak landu
tolaretan bai zanpatu
kupelak ere osatu
lasai lasai irakindu

3
Urte zarretan probatu
geroxiago zipoztu
janari goxoak nastu
zipotzak naiko astindu
gure barrena berotu
atia ezin billatu

4
Urtean zear denakin
bakallo piperrarekin
legatz buru ta isatsakin
bixigu begi gorrikin
gazta intxor gaztañakin
busti maiz sagarduakin