Kutxabank-eko bulegoa itxita, langileak greban

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 24a, 10:03

Kutxabank-eko bulego gehienak itxita dira gaurkoan, langileek greba eguna dute.

Ondoko irudian ikus dezakezuen moduan, itxita dago gaur Kutxabank-ek Usurbilen duen bulegoa. Langileek planto egin dute, eta ez soilik Usurbilgo lantokikoek, gainerako bulego gehienetakoek ere bai. Kutxabank-en ordezkaritza duten LAB, ELA, CCOO, PIxkanaka, ALE eta Asprobank sindikatuek greba eguna deitu dute ostiral honetan, "murrizketak alboratu eta azkenaldian etengabe okerrera egin duten lan baldintzak duintzeko". Sindikatuen esanetan, %90eko jarraipena izan du gaurko deialdiak langileen artean. Bulego gehienak, beraz, itxita daude gaur. Haien esanetan, "gaur egungo egoera jasangaitza da. Faktore horiek guztiak estuki lotuta daude, eta honen ondorioz, nahiz eta urtez urte planteatzen zaizkion eskakizun handiei zalantzarik gabe erantzun, Kutxabankeko plantilla prestatua, profesionala eta arduratsua, muturreko egoera batera iritsi da".

Gaurko lan uztearekin, batetik, "neurrigabeko presio komertziala" salatu nahi dute. Sindikatuon esanetan, "2014 eta 2022 bitartean, 293 bulego itxi dira eta plantilla 1448 pertsonatan murriztu da. Kontrataziorako presioaren ondorioz, urtez urteko helburuen hazkunde esponentzialarekin eta jarraipen hierarkiko itogarriarekin, gustora ez dagoen eta gero eta presionatuago sentitzen den plantilla dugu, eta lan-giroa nabarmen okertzen ari da".

"Ez dugu talentua erakartzea lortzen"
Horrekin batera, "talentu-ihesaz" ohartarazi dute eta banku honetako langile gazteenak bertan mantendu eta defendatu beharra ezinbestekotzat jotzen dute. "Gazteak Kutxabanketik alde egiten ari dira eta bere lan baldintzak asko hobetu behar dira. Horrez gain, ez dugu talentua erakartzea lortzen, enplegu-eskatzaileen artean ezaguna baita erakunde honetan egoera gero eta okerragoa dela, bai baldintza ekonomikoei dagokienez, baita lanbide-sustapenerako aukerei dagokienez ere".

Babesa ere eskatu dute langileok. "Bulego guztietako, baina batez ere pertsona bakar bat lan egiten duten bulegoetako segurtasun fisikoa, langile falta larriaren ondorioz: hitzezko erasoak, baita fisikoak ere, gero eta gehiago izaten ari dira bulegoetan, askotan bezeroak behar bezala atenditzeko baliabiderik ez dagoelako. Horri gehitu behar zaio prebentzio-batzorde desberdinetan talde guztiek behin eta berriz eskatu dugula pertsona bakarreko bulegoak ekiditzea. Segurtasun-eskuliburuan ez dago zehaztuta pertsona bakar bat lanean ari den bulegoetan langilearen segurtasuna bermatzeko protokolorik (ez sarrera, ez irteera, ez kontrola)".