"Euskal presoen urruntzearen eta sakabanaketaren behin betiko amaieraren atarian gaude"

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 25a, 10:14

Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin dute bart, Sarek deituta.

"Euskal presoen urruntzearen eta sakabanaketaren behin betiko amaieraren atarian gaude, 35 urteren luzeren ondoren Espainiako espetxeak itxi direla iragarriko duen berri horren zain". Halaxe gogorarazi du bart, ostiral iluntzean Sarek deituta Mikel Laboa plazan egin duten elkarretaratzean. Halere, azken txanpa honi begira gogorarazi zutenez, "mobilizazioa eta lana ezinbestekoak izango dira hemendik aurrera ere, herri bakoitzean, auzo bakoitzean, etxerako bidearen amaieraraino iristeko eta aplikatzen jarraitzen den salbuespen-politika atzean uzteko".

"Etapa latz hau" itxi eta hurrengo fasera begira, gogoan izan, irudia berritu du Sarek. Urtarrila amaierako mobilizazioan eman zuten ezagutzera. "Orain ez du maparik, eta, geziei jarraituz, helburua da salbuespenaren amaieraren aldeko akordioak bilatzen jarraitzea, eta akordio horietan presoen eskubideak errespetatzearen alde dauden pertsona guztiak elkartzea".

"Berri on batzuk"
Azken fase honi begira, Sareren esanetan, "presoak hobeto daude eta haien hurrekoak ere, eta, Euskal Herrian egonda, errazagoak dira haien espetxeko bizimodua hobetzeko izapideak. Egoera hau esfortzu eta lan handiaren emaitza da, eta, batetik, eragile politiko eta sozialen lan bateratuaren eta erakundeen erabakiei esker lortu da, baina, batez batez ere, Euskal Herriko herri eta auzoetako pertsona askoren lan nekaezinari eta euskal gizartearen mobilizazioari esker lortu da, noski".

Ildo horretan kokatzen ditu Sarek azken asteotan izan diren "berri on batzuk". Batetik, "hirugarren gradu berriak eman dira; hirugarren graduren bat berretsi da; baldintzapeko bi askatasun. Baina, berriro ere, kendu egin dira onetsitako bi gradu, Asier Karrera eta Ainhoa Barbarin Martuteneko espetxera bueltatu behar izan dira hain zuzen ere. Argi dugu hurrengo hilabeteetan gure aldarrikapen nagusienetako bat izango dela".

Bide batez, atzoko mobilizazioan "sakabanaketaren ondorioz errepideko istripuetan hildako 16 lagunak" oroitu zituzten. "Otxandiok orain dela 23 urte hil zen Ruben Garate oroitu du. Datorren asteartean 20 urte beteko dira Iñaki Balerdi eta Argi Iturralde lasartearrak errepidean hil zirenetik".

Aurrera begira, beraz, beharrezkotzat jo zuten mobilizatzen segitzea, "etxerako bidean aurrerapausoak emateko". Hortik plazaratzen segitzeko egin zuten gonbita. "Gure esku dago, beraz, hurrengo udaberrian lanean jarraitzea euskal presoei legedi arrunta aplika dakien eta gure herrian bizikidetzan aurrera egin dezagun, etorkizunari begira". Hurrengo hitzordua, martxoaren 24an, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.